Odol emaileen jaitsierarekin kezkatuta
Odol emaileen kopurua jaitsi zela eta, kezkatuta zebiltzan Goierriko emaile elkarteak. Txotx denboraldia hasi berria zen, eta eskualdeko sagaradotegien eskaintzaren berri eman zuen Hitzak. Igartubeitin, duela 500 urteko eran ari ziren sagardoa egiten.
Gipuzkoa eta Goierri betidanik izan dira odol emaile askoko lurraldeak. Duela 15 urte, ordea, Goierriko elkarteek kezka agertu zuten, emaile kopurua jaisten ari zela eta. Beasainen bakarrik, 40 emaile gutxiago zenbatu zituzten hiru urtean. Javi Arroyo elkarteko presidenteak azaldu zuen, kopuru bat “erreserba taldera” pasa zela, eta “dimentsio handiko ezbeharrak” gertatuz gero deitzen zaiela. Orokorrean, emailea gehienak “40 urte ingurukoak” direla azaldu zuen, horietako asko, elkartearen sorreratik daudenak. Odola ematea “ezkutuan gelditzen den solidaritatea” dela azaldu zuen Arroyok, eta kontzientzia zabaldu nahi izan zuen, gertaera larriak izaten direnean ez ezik, “odolaren beharra egunero” dagoelako.
Bestelako gaietan, hasi berria zen sagardo denboraldia, eta Goierriko sagardotegien eskaintzaren berri eman zuen Hitzak, gaur hamabost urte. Legorretako Aulia sagardotegiko Juan Inazio Etxeberriak, “sagardotegiak lagunarterako toki aproposak” direla azaldu zuen, eta horregatik dutela arrakasta jendearen artean. Txotx garaian “giro ona” izaten dela nabarmendu zuen, asteburuan batez ere gazteak joaten direla, “beti taldean”, eta astean zehar, jende helduxeagoa.
Ezkioko Igartubeiti baserri museoan ere ari ziren sagardoa egiten, baina duela 500 urteko eran. Hiru urte lehenago jaso zuen museo izendapena, eta hainbat herritar, dolarea martxan jartzen hasi ziren, auzolanean. Baserriaren erdigune eta bihotz den XVI. mendeko dolarea nola erabiltzen den azaldu zuten, erakustaldia egitearekin batera.