San Sebastian jai koloretsuak
Gurutze Mujika margolari garindarraren lanak erakusgai izan dira asteburuan elizan, lehenengo aldiz. Antolatutako ekintza guztiak gogoz egin dituzte auzotarrek
Beasaingo Garingo auzoan San Sebastian jaiak ospatu dituzte asteburuan. Eguraldia lagun izan ez den arren,antolatutako ekitaldi guztiak gogoz egin dituzte auzotarrek. Larunbat eguerdian ekin zioten festari, kanpai bueltekin eta suziriekin. Auzotarrak herri bazkarian elkartu ziren Muñogain elkartean, eta ondoren mus eta punttu txapelketa jokatu zuten. Haurrentzako jolasak ere egin zituzten pilotalekuan, eta iluntzean trikitilariek giroa alaitu zuten.
Igandean, berriz, Goizeresi txistulari taldeak girotu zuen kalea goizean, eta meza nagusia izan zen ostean Beasaingo San Martingo abesbatzarekin. 12:00etan Garingo VIII. Mendi Lasterketa herrikoia egin zuten.
Natura mihiseetan
Aurrekoaz gain, Gurutze Mujika margolari beasaindarrak bere lanak jarri zituen erakusgai Garingo elizan. Auzokoa den arren, Aretxabaletan bizi da. Lehenengo aldia da auzoan erakusketa jartzen duela: «Aretxabaletan, Arrasaten, Oñatin, Beasainen, Zumarragan…erakutsi izan ditut nire lanak, baina Garinen inoiz ez», azaldu du.
San Sebastian jaien harira, erakusketa prestatzea erabaki zuen: «Fraileari esan genion eta azkenean elizan egin dugu». Tamaina ezberdinetako 18 mihise izan ditu erakusgai.
Horietako bik ia bi metro eta 1,30 metroko neurriak dituzte: «Tamaina horretan egin ditudan lehenengo lanak dira, baina oso gustora geratu naiz», azaldu du. Guztietan natura irudikatu du Mujikak: «Udazken koloreak, okreak, asko gustatzen zaizkit, eta baita negukoak ere». Baserrian egiten du lan: «Margotzeko denbora hartzen dut asko gustatzen zaidalako».