Euskal Herriko Gazte Sozialisten topagunea Legazpin aurkeztuko dute
Ikasle Abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialista taldeek antolatutako Euskal Herriko Gazte Sozialisten bigarren Topagunea Legazpin aurkeztuko dute, otsailaren 9an. Festa apirilaren 9tik 13ra izango da, Legution (Araba), eta bonoak salgai daude.
Legazpiko aurkezpenak hitzaldi bat eta Benito Lertxundiren kontzertua izango ditu ardatz. Hitzaldia, 16:30ean egingo dute, Urbeltz pilotalekuko arkupetan, Topagunea: Antolakuntza eredu berria eta aurtengo ekimenaren hurbilpen bat izenburuarekin. Benito Lertxundiren kontzertua 19:00etan izango da, Urbeltz pilotalekuan. Sarrerak salgai daude Karibe Zaharra, Gurrutxaga eta Katilu tabernetan, eta entradium.com atarian.
Antolakuntza eredu berria
Topaguneak «lana erdigunean kokatzen du». Aurten Legutioko Desjabetuon Hotela «ildo sozialistaren mesedetara egokitzeko» baliatuko dute, horretarako «gaitasun ezberdinak garatu, hitzaldi eta tailerren bidez formakuntza jaso eta komunitatea indartzeko aisi ekintza zabal bat» prestatuko dute. Topagunearekin, «antolakuntza eredu berri bat» irudikatu nahi dute, «kontsumo artikulu bat izatetik urrun, lan eraginkorraren abagune» izango dena.













