Zamalanak egiten ari zen garraiolari bat hil da Arcelor Mittal lantegian, Olaberrian
Ihurreko irteera-baskulako aldapan izan du istripua 59 urteko gizonezkoak. Kanpoan zela, bere kamioia mugitu eta beste baten kontra harrapatu du. 2013an ere antzera hil zen beste gidari bat
Urteak daramatzan 22 egunetan, zazpigarren langilea hil da Euskal Herrian. Olaberrian atzo eguerdian gertatu zen istripu hilgarria, Arcelor Mittal altzairutegiko kamioien irteeratik gertu, Ihurre auzoko Basozabal industrialdean. Bere kamioiak harrapatu eta tokian bertan hil zen 59 urteko gizonezko garraiolaria.
Istripua eguerdiko 12:00ak aldera gertatu zen, altzairutegiko irteerako baskulara doan barne-bidexkan. Aldaparen azkenera, kamioilaria ibilgailutik irtenda zegoen. LAB sindikatuak lehen unean argitu zuenez, ibilgailua zamalanak egiteko prestatzen ari zen, eta kamioia gainera etorri zitzaion. Ondoan zegoen kamioi baten aurka zanpatu zuen, eta une berean hil zen.
Arcelor Mittalen bertan duela zazpi urte oso antzeko ezbehar batean beste langile bat hil zela gogorarazi du sindikatuak. 2013ko urtarrilaren 11n, 39 urteko garraiolari frantses batek galdu zuen bizia.
Langileei mugitzeko deia
Euskal Herrian, aurten, lanean ari zela edo lanerako bidean zihoala hildako zazpigarrena da atzoko biktima. Iaz 44 hildako izan ziren, eta 2018an 45. LABek langile eta herritar guztiei mugitzeko deia egin die, «sarraskia» geldiarazteko. «Non daude Gasteizko Gobernuko arduradunak heriotza hauek salatzeko? Zein aldaketa eta pauso emateko prest daude egoera eta eredu kriminal hau geldiarazteko?», galdetu du agiri batean. Heriotza salatzeko, 22:00ak bitartean geldialdi orokorra egingo dute enpresan; eta 12:00etatik 13:00etara elkarretaratzea deitu dute baskularen parean.













