Chakib Lachgar eta Maite Arraiza Idiazabalgo Herri Krosean garaile
40. urteurrena dela eta, omenaldiz eta sorpresaz beteta egon da gaurko Herri Krosa.
Idiazabalgo festak korrika hasi dituzte 40. urtez gaur goizean. 10:45etan haurren herri krosa egon da. 12:00etan berriz, helduenak eta kadeteenak hartu dute lekukoa. Aurreko urtean 458 korrikalari bildu ziren irteera puntuan. Aurten ordea 672 izan dira dortsala jantzita korrika egin dutenak.
Lasterkariek sorpresaz jaso dute Chakib Lachgar korrikalariaren azken orduko parte hartzea. Idiazabalgo 40. Herri Krosarena ez ezik, 2019ko Behobiaren garailea ere baita. Lasterketa buruan, honen atzetik, Eneko Agirrezabal segurarra eta 2017an Herri Krosa irabazi zuen Aitor Mimenza elorriotarra helmugaratu dira.
Emakumezkoetan 3 “Maite” podiumean. Lehenengo postuan, Maite Arraiza lazkaotarra. Bigarren postuan berriz, Maite Etxezarreta azpeitiarra eta podiuma itxiz Mendaroko Maite Maiora.
Gainera, bi sailkapen nagusietan errekorrak hautsi dira. Orain dela lau urte marka ezarri zuen Javier Nagorek baino 29 segundo gutxiagotan amaitu du Chakib Lachgarek 10 kilometro pasatxok osatzen duten ibilbidea. Bigarren sailkatu den Eneko Agirrezabal ere Javier Nagore baino azkarrago helmugaratu da gaur. Emakumezkoetan, bestalde, Maite Arraizak minutu bat jaitsi du aurretik ezarrita zegoen marka.
Omenaldi ugariz bete da Idiazabalgo plaza Herri Krosaren 40. urteurrena zela eta. Momenturik hunkigarriena agian gizonezkoen sari banaketa izan da. Lehenengo edizioa irabazi zuen Ibarrako Jose Maria Agirrezabalagak txapela jantzi dio Chakib Lachgarri. Emakumezkoen artean ere, 1981. urteko irabazlea, Maria Jeus Araiztegi bertaratu da, eta Maite Arraizari txapela jartzeaz gain, beste behin Herri Krosean parte hartu du.
Horretaz gain, “Zure irrifarra, nire indarra” lelopean urritasun funtzionala duten haurrek ere, lagunez inguraturik dortsala janzteko aukera izan dute. Aritz Bikuña adibidez, bere familiarekin bat beti joaten zen Behobiara Bergarako korrikalariei animatzera. Orain, «oso pozik dago eta babestuta sentitzen da parte hartu ahal izateagatik».