Hodei Fernandez Espainiako txapeldunorde, FEDDI mailako kros txapelketan
Basaurin jokatu da txapelketa asteburuan. Ormaiztegiarrak Javi Conde Ascensores Bertako taldearekin hartu du parte.
Hodei Fernandez, eskuinetik lehena, pasa den larunbatean Basaurin. Hitza FEDDIren Espainiako Kros Txapelketaren 34. edizioa jokatu zen pasa den larunbatean Basauriko (Bizkaia) Lapatza zirkuituan. Hodei Fernandez Fajardo ormaiztegiarrak —Javi Conde Ascensores Bertako taldearen ordezkari gisa— bigarren postu bikaina lortu zuen 18 urtez azpikoen kategorian, 3.000 metroko ibilbidean.
Eguraldi baldintzak gogorrak izan ziren: haize bortitza zegoen, eta ibilbideak etengabeko igoerak eta jaitsierak zituen. Urriaren 18az geroztik, ormaiztegiarrak ezin izan du nahi bezala entrenatu, ospitaleratzea ere ekarri zion osasun arazo bat tarteko. Orain, sasoi fisikoa berreskuratzeko eta datozen lehiaketetarako prestatzeko unea du.
















