Udalak gainordaina jarri dio ohikoak ez diren etxebizitzen zergari
Legazpiko Udalak %50eko gainordaina ezarri die hondasun higiezinen zergan jabeen ohiko etxebizitza ez direnei. Gainordainak 373 etxebizitzei eragiten die, eta jabeek alegazioak aurkezteko aukera dute alkatetzara zuzenduta, Herritarren Arreta Zerbitzuan. Alegazioak egiteko epea otsailaren 28an amaituko da.
Hondasun higiezinen zerga arautzen duen ordenantza fiskalean, gainkarga horretatik salbuetsita geratzen diren etxebizitzak zerrendatzen dira. Hala, ez dute %50 gehiago ordaindu beharko, besteak beste, udalaren jabegoko etxebizitzek, zerga horretan hobaria dutenen jabegokoek, ostatu edo merkatari jarduera dutenek, zahar etxeren batean daudenen jabegokoek, herentziaz jasotakoek, antolamenduz kanpo daudenek eta nekazaritza edo abeltzaintza jarduera dutenek.
Onarturiko hasierako zerrenda interesatuen esku dago udaletxeko Kontuhartzailetzako bulegoetan. Zerga informazioak eskatzen duen konfidentzialtasun betebeharrari jarraituz, hasierako zerrenda horretako datuen informazioa soilik zergadunei edo bere ordezkariei emango zaie.












