Alkatetzaren agenda instituzionala ikusgai dago udalaren atarian
Legazpiko Udalak herritarren eskura jarri du ikusgai alkatetzaren agenda instituzionala legazpi.eus webgunean. Agenda hori kontsultatzeko Udala izeneko atalera joan behar da webgunean, eta gero Alkatetza eta Korporazioa sailera. Bertan jasotzen dira Koldobike Olabide alkatearen agenda ez ezik, baita Maite Lonbide zinegotzi liberatuarena ere.
Alkatetzaren agenda instituzionalak aste bakoitzerako aurreikusitako ekintzak edo hitzorduak jasotzen ditu, besteak beste, erakundeen arteko bilerak, herritarrekin bilerak, ekitaldi publikoak eta prentsaurrekoak. Agenda horiek alkatearen zein zinegotziaren lanaldi osoa ez dutela islatzen ohartarazten dute ordea, «azken orduko aldaketen ondorioz alda daitezkeelako».
Iazko agenda
Bestetik, iazko agendaren balantzea ere eman dute argitara, kasu honetan alkatearena soilik. Balantze horren arabera, Koldobike Olabide alkatea erakundeen arteko 117 bileratara joan zen 2019an zehar; horien artean sartzen dira beste udal batzuekin, aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin izandako bilerak, besteak beste.
Herritarrekin, berriz, 111 bilera izan zituen urte osoan zehar, eta 58 ekitaldi publikotan parte hartu zuen Legazpin bertan.
Amaitzeko, komunikabideei zuzendutako 23 prentsaurreko ere eman zituela jaso dute balantzean.













