Ezkioko geltokia martxorako esleitu nahi du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak Ezkioko AHTren geltokiko proiektua martxoan onartuko duela iragarri du. Ezkioko Udalaren arabera, udal gobenuak ez du proiektu horren berririk izan oraindik
Udaberrian Ezkioko geltokiko proiektua onartuko duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroarekin bildu da Madrilen, EAEko azpiegituren eta Abiadura Handiko Trenaren inguruan eztabaidatzeko.
Ezkioko AHTren geltokiko proiektua martxoan onartzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, eta Eusko Trenbide Sarea obra lizitatzen hasiko da jarraian. Ezkioko Udalak azaldu duenaren arabera, udal gobernuak ez du izan honen berririk oraindik.
Bi gai nagusi izan dituzte hizpide Madrilen: alde batetik, Eusko Jaurlaritzak martxoan proiektua onartzeko konpromisoa hartu du; eta bestetik, Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatiko informazio ikerketa bukatuko dute, ondoren publiko egiteko.
Santa Lutzi auzoan
Ezkioko geltokiak ia bi kilometroko luzera izango du. Anduaga eta Zozabarro industrialdeen artean eraikiko dute, Santa Lutzi auzoan. Alde bakoitzean 750 metroko bidea izango du geltokiak, eta eskuin aldean, Behobiarako norantzan, bidaiarientzako eraikin bat egingo dute. Eraikin hori kristalezkoa izango da, eta komunak eta txartelak erosteko eremua ere izango du. Geltokiko eraikinaren eta nasaren artean 69 metroko belardia jarriko dute.Aparkalekua ere izango du: 2.656 metro koadro zabalerakoa izango da, eta 50 bat autorentzako tokia edukiko du. GI-3351 errepidean jarriko dute eremurako sarrera.