Urretxuko Udalak Irimoko biodibertsitatea hobetuko du
Udalak hainbat lursail eskuratu ditu azken urteetan. Ia 4.000 landare landatuko dira. Etzi ikasleek 100 zuhaitz landatuko dituzte institutu eta igerileku ondoan
Urretxuko Udalak Irimo mendiko biodibertsitatea hobetzeko plana aurkeztu du. Datozen urteetan udalak Irimon dituen lursailetan bertako espezieak landatuko ditu. Basoinsa ingurumen ingeniaritza enpresa arduratuko da lanez. Plana atzo aurkeztu zuten, udaletxean. Ekitaldian Jon Luqui alkateak eta Basoinsa enpresako Mikel Sarriegik parte hartu zuten.
Luquik egitasmo hau Legealdi Planean jasota dagoela aipatu zuen. Zehazki, Agenda 21 planean eta klima aldaketaren aurkako planean. Udalak azken hamarkadetan hainbat lursail eskuratu ditu eta datozen urteetan bertako biodibertsitatea hobetuko du. Zuhaitz eta zuhaixka batzuk beste batzuengatik ordezkatuko ditu. Epe motzean lau lursailetan lan egingo du. Horietako bi Pagoeta auzoan daude, beste bat Santa Barbaran eta azkena Joxe Mari Iparragirre institutuaren azpian.
Egitasmo honek biodibertsitatea hobetzeko balioko du, baina baita institutu azpiko lursailari egonkortasuna emateko ere. Gainera, erabilera didaktikoa izango du. Horrekin lotuta, Zuhaitz Eguna berreskuratuko dute. Ostegun honetan herriko ikastetxeetako ikasleek 100 zuhaitz landatuko dituzte institutu azpiko lursailean eta igerileku ondokoan.
Lau lursailak
Sarriegik pasiotarren komentuaren gainean dagoen lursailak landaretza aberatsa duela esan zuen. Lursail honen zabalera hektarea erdikoa da. Igerileku ondoko pinudian, berriz, 40-45 urte dituzten pinuak daude. Pinu hauen egurra aprobetxatzeko garaia heldu da eta pinuak bertako espezieengatik ordezkatuko dituzte.
Institutu azpiko lursailak 2,5 hektarea ditu. Egun belardia da eta egonkortasun arazoak ditu. Santa Barbara ondokoari dagokionez, 2.368 metro koadro ditu. Bertan larizio pinuak daude. Oraindik ez da beraien egurra aprobetxatzeko garaia, baina askok bi edo hiru enbor dituzte goialdean eta adarrak hausten ari dira.
Behar den tokietan bertako espezieak jarriko dituzte. Baso mistoa dagoen tokietan haritzak eta lizarrak landatuko dituzte, batez ere. Erreka bazterretako lurretan, berriz, haltzak eta lizarrak. Ingurua edertzeko erabili diren lursailetan lizarrak, astigarrak eta haritzak landatuko dituzte, batez ere. Ia 4.000 landare landatuko dira.
Bestalde, itxiturak jarriko dira ganadua sartu ez dadin eta pinuak kontu handiz aterako dituzte bertako landaretza ez hondatzeko. Horretaz gain, espezie inbaditzaileak kenduko dituzte eta txorientzat eta saguzarrentzat habiak jarriko dituzte.
Irimoko lursail gehienak pribatuak dira, baina udala pixkanaka lursailak eskuratzen ari da. Iazko abenduan lursail bat eskuratu zuen Santakutz ondoan. Azken lursail honek 48.000 metro koadro ditu eta Eusko Jaurlaritzaren 50.000 euroko diru laguntzarekin erosi zen.