Urtsuaran errekan gasoil isuria gertatu da
Errekako puntu ezberdinetan barrerak jarri dituzte uretan dagoen gasoila jaso ahal izateko. Uraren kalitatea neurtzeko analitikak ere egiten ari dira.
Idiazabalgo Udalak jakinarazi du Urtsuaran errekan gasoil isuria gertatu zela atzo, eta ezbeharra lehenbailehen konpontzeko lanean ari direla. Uraren Agentzia lehenengo momentutik jakinaren gainean dagoela esan dute eta hark markatutako protokoloa jarraitzen ari dira. Udalak argitu du, isuria kontrolatu ahal izateko, errekaren zati ezberdinetan barrerak ipini dituztela eta ur azalean pilatutako gasoila, kamioi zisterna batekin jasoko dutela gaur. Uraren kalitatea neurtzeko analitikak ere egiten ari dira.