Beasainen, Euskal Herriko inaute dantzak kalean
Ostadar dantza taldeak antolatuta, inauteri herrikoia ospatuko dute bihar Beasainen. Euskal Herriko inaute-festa eta dantza tradizionalak irudikatuko dituzte dantzariek, desfilean. Dantza-kalejira irekia izango da, eta taldeko kideez eta musikari laguntzaileez gain, edozein herritarrek batu ahalko du.
Inautezaleak 11:00etan irtengo dira Ostadarren egoitzatik (Oriamendi, 10), eta Beasaingo kalean ibiliko dira, 14:00ak arte.
Egun osoko festa
Arratsaldean jarraituko du jaiak. Erromeria egingo dute Elizagoien Ahizpak girotuta, Loinazko San Martin plazaren azpian, 19:30ean. Beasaindar guztiei dei egin diete euskal inauteri herrikoiarekin bat egin dezaten.