Hartza esnatu eta Aizkorriratu aurretik Seguran festan
Neguko lozorrotik irtetea ospatu ohi du euskal inauteriak, sinesmen zaharretako batean behintzat. Lurra eta lurrekoak esnatzen diren garaia da, eta mendiari begira jartzekoa ere bai. Seguran irudikatuko dute, gaur, leienda zahar hori, hartzaren esnaeraren aztarnarekin.
Hartz esnatuari, hartzazainari eta uxatzaileei 18:30ean egingo diete harrera, Segurako kasko barreneko Errementarin. Trikitilari, txistulari, jorrai dantzari eta herritar mozorrotuen segizioarekin lagunduko diete, kalean gora, plazaraino. Dantzarien emanaldia izango da han.
Mozorro gaua
Hartzari Aizkorri aldera jare egin ondoren, mozorrotuen festak segiko du Seguran. Disfrazatuta poteoa, afariak eta gaueko parranda dituzte. Ki-Fest DJa ere ariko da.