Pedalei eragiteko garaia hasi da
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeak asteburuan ekingo dio errepideko denboraldiari. Aurten 22 txirrindulari dira lehen taldean, eta gaztetxoetan ere kopuruak gora egin du.
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko txirrindularientzat heldu da bizikleten kateei olioa eman eta errepidera lehiatzera irteteko momentua. Lehen taldean, afizionatuetan, 22 txirrindulariko taldea osatu dute aurten, iaz baino lau gehiago. Jubeniletan dozena bat dira, eta benjaminetan, kimuetan eta infantiletan 50 inguru, horietatik bi, neskak. Gaztetxoak ere iaz baino gehiago dira.
Goierritarrak hamasei dira lehen taldean. Aramako, Ataungo, Beasaingo, Itsasondoko, Lazkaoko, Legazpiko, Mutiloako, Segurako eta Zaldibiako gazteek osatzen dute pelotoia. Harrobiko taldeetan denak dira goierritarrak. «Goierrin txirrindularitzarako zaletasun handia dago. 9 urterekin hasten dira haurrak bizikletan eta taldea zaharberritzen joaten da», adierazi du Iñaki Telleria Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko lehendakariak.
27. denboraldia izango da aurtengoa talderentzat. «Beti lortu dugu garaipenen bat», dio harro Telleriak. «Aurten ere helburua goiko postuetako lehian ibiltzea da. Garaipenen bat etorriko da, ziur». Halere, gazteekin lan egitean emaitzei kasu askorik ez dietela egiten dio. «Haurrekin beste balore batzuk lantzen ditugu. Bizikleta maitatzen ikasten diegu, talde lana, esfortzua…».
Emaitzak bistakoak dira: «Gora iritsi diren txirrindulari asko pasa dira gure taldetik. Gaizki egongo da guk esatea, baina UCI pelotoiko hiru gipuzkoarrak goierritarrak dira, eta hirurak gure taldetik pasatakoak». Halere, Telleriak argi utzi nahi du zaila dela gora iristea: «800 txirrindulari pasako ziren gure taldetik, eta gutxiengoa bihurtu da profesionala». Euskadi fundazioarekin sinatutako hitzarmenagatik harrobi lanak egiten dituzte.
Garai gogorrak
Txirrindularitza «krisian» dagoela dio, babesleak topatzea oso zaila delako eta gastuak geroz eta handiagoak. «Gu ezin gara kexatu, inguruko enpresa askoren laguntza dugulako. Bakoitzak ahal duen neurrian laguntzen digu». Diru kontuengatik kanpoko lasterketetara joateari utzi zioten, baina aurten Jaenera (Andaluzia, Espainia) joango dira. Inguruko lasterketetan antolaketa lanetan laguntzea ere egokitzen zaie. «Lasterketa bat antolatzeko jende asko behar da, eta beti gaude laguntzeko prest. Hau da gure zaletasuna, eta gustura egiten dugu».