Zaldibiarrak nagusi Zubi-Buru elkarteko mus txapelketan
Zaldibiako Zubi-Buru elkartean 45. mus txapelketa azkarra jokatu dute. Izaro Garmendia eta Julen Dorronsoro izan dira txapeldunak, finalean Loidiri eta Urbietari irabazita.
Goierriko mus txapelketarik beteranoena, Zubi-Buru elkartekoa, jokatu dute Zaldibian. Aurten 45. edizioa bete du, eta 33 bikotek parte hartu dute. Txapela etxean gelditu da, Izaro Garmendia eta Julen Dorronsoro zaldibiarrek jantzi baitute aurten; finalean Juan Migel Loidi eta Joxe Mari Urbieta izan dituzte aurkari.
Irabazleek txapela eta lau lagunentzako egonaldia jaso dute sari moduan; txapeldun ordeek berriz, mariskada. Aurreneko zortzi bikoteentzako izan dira sariak.