EH Bilduk Zumarragako alkatearen jarrera salatu du
Zumarragako EH Bilduko zinegotziek alkateak joan zen osteguneko osoko bilkuran izandako jarrera salatu du. «Botere posizioa baliatuz eta abantailaz jokatuz», jarrera «harroaz» aurkari politikoa gutxietsi izana leporatu diote.
Ez dela gauza berria gehitu dute. «Behin eta berriz errepikatzen den arren, ezin gara errespetu falta instituzionalera ohitu. Gure betebeharra salatzea eta jarduera hauekin bukatzen saiatzea da».
Gai-ordenako puntu baten edukia beraiei eraso egiteko aldatu izana leporatu diote. «Oraingo honetan, gai-ordenako puntu bat baliatu zuen bere edukia aldatu eta bere botere posizioa baliatuz EH Bilduk aurrekontuen inguruan egindako irakurketa eta lanketaren aurka jarduteko. Kontu-hartzailetzatik zetorren eta erabat teknikoa zen puntu bat, aldez aurretik ondo prestatutako kritika politikoa egiteko baliatu zuen», azaldu dute.
Erakundearekiko «errespetu falta» izan zela diote. «Aipatu puntua gai-ordenan azkena jarri izana, zegokion edukiaz harago joatea eta aurkari politikoari aurre egiteko abantailaz jokatzea erakundeekiko errespetu falta izugarria da».
EH Bilduk aurrekontuetarako egindako proposamenak gutxietsi izana ere leporatzen diote alkateari. «Bi orrialde besterik ez zirela esan zuen. Bi orrialde horiek 20 proposamen baino gehiago jasotzen zituzten: auzo desberdinetan auzotarrekin burututako bileretan jasotako 50 proposamenetatik, aipagarrienak. Aipatu, 20 proposamen horiei udal gobernuak erantzun ere ez diela egin».
Proposamenak
EH Bilduk proposamen garrantzitsuenen berri eman du bere prentsa oharrean: Eitzako ermitako ataria ixtea bizilagunek estalpe bat izan dezaten, Izazpi auzoko kantxa intsonorizatzeko aukera aztertzea, trintxerako parkea estaltzea, lurrazpiko igarobideko irisgarritasuna, argiteria eta mantenua hobetzea eta auzo guztiak lotuko dituen autobusa jartzeko aukera aztertzea.
Koalizioko zinegotzien ustetan, «sistematikoa den errespetu falta horrek» elkarlana oztopatzen du. «Udalaren irudia zikintzen du eta udalgintzari duen balioa kentzen dio».
Egoera horren aurrean, alkateari eta bere taldeari hausnarketa egiteko eta jarreraz aldatzeko eskatu diote. «Politika egitea aurkari politikoaren aldetik kritikak jaso eta entzuteko prest egotea da. Eta desadostasunak izan arren, herritarren mesederako akordioetara iristeko saiakera lehenestea. Hau guztia, errespetuz eta aurkari politikoa gutxietsi gabe».
Ostegunean, ordea, ez zela errespeturik egon uste dute. «Norbaitek udal gobernuaren jarduerarekin desadostasuna adierazten duen bakoitzean honelako eskarnio publiko bat jasan behar al du? Guk ez daukagu gure jardueren inguruko kritikak entzuteko arazorik eta ezta, hala egokituz gero, horiek zuzentzeko ere. Baina beti aurretik aipatutako terminoetan ematen badira. Alkate jaunak behin baino gehiagotan aipatu izan duen bezala, politikan denak ez du balio».













