Arrosa kolorearen indarra
Lilatoian 6.500 emakumek baino gehiagok parte hartu dute;. horietatik 826 goierritarrak izan dira. Talderik jendetsuenak Urretxu-Zumarragakoak eta Legazpikoak izan dira
Gero eta emakumezko gehiagok hartzen du 5 kilometro korrika osatzeko erronka, Lilatoia aitzakia hartuta. Aurtengoa Lilatoirik jendetsuena izan da. Otsailaren 9rako itxi zuten izen ematea, 6.500 emakumeko muga gainditua zelako (iaz baino %4,75 gehiago). Berdintasunaren helburuarekin, Norantza bakarra du bideak lelopean eta eguzkia lagun zutela, eta 5.576 korrikalari iritsi ziren helmugara. Goierritarrak ere asko izan ziren, belaunaldi desberdinetako 826 emakumezkok hartu zuten parte elastiko arrosaren indarrarekin bat eginda. Eta beste asko eta asko, 5 kilometroko ibilbidean zehar korrikalariak animatzen izan ziren, musikak, irrintziek eta borroka feministaren oihuek girotuta.
Lehenengo aldiz parte hartu zuten gaztetxoak, ama-alabak, lankideak, kuadrillak, herriko taldeak… festa giroan elkartu ziren igandean 10:30ean, Donostiako Bulebarrean. Urduritasuna, ilusioa, poza eta zirrara nabaritzen zen korrikalarien aurpegietan.
Beste urte betez, Urretxu-Zumarragako Ikastolako taldea izan zen bigarren jendetsuena, eta Legazpiko Hazteko Ikastolakoa hirugarrena. Ordiziatik, Beasaindik, Lazkaotik eta Zaldibiatik ere emakumezko taldea handiak joan ziren.
Izaro Rubio irabazle
Lilatoian sailkapenak eta denborak garrantzitsuenak ez badira ere, Izaro Rubio izan zen Bulebarrera iristen lehena, (18:23).