Emakumeen eta irakurleen eskubideak bat eginda
'Su tranpa' liburuaren irakurketa partekatua egingo dute Chillida lantokian, ostiralean. Irakurketa errazari bultzada ematea da helburua. Emakume langileak ere gogoan izango dituzte
Emakumeen eta irakurleen eskubideen aldarrikapenak eta giza inklusioa bat eginda datoz Legazpin martxoaren 6rako antolatu duten ekitaldian. Egun horretan, Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna aitzaki hartuta, Su tranpa liburuaren irakurketa partekatua egingo dute.
Ekitaldia Chillida Lantokian egingo da, 10:00ak eta 12:00ak bitartean, udalak, udal liburutegiak, Garaguneak eta Lenbur Fundazioak antolatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestuta. Legazpiko 80 herritarrek parte hartuko dute, irakurketa errazaren egitasmoari bultzada emateko eta emakumeek lantegietan egin duten lana aldarrikatzeko helburuarekin.
Parte hartzaileen artean Euskadiko Irakurketa Erraza elkartea, Urola Garaiko Berdintasun arloa eta Legazpiko Iratzarri, Nagusilan, Doinua musika eskola, ikastetxeak, Buztintegi, Garagunea eta Euskaltegia daude. Herriko 14 elkarte eta erakunde batu dira egitasmora, eta ostiraleko ekitaldian Chillida Lantokian 300dik gora lagun elkartzea espero dute antolatzaileek.
Irakurketa erraza
Ekintzaren berri emateko, irakurketa saioa hartuko duen espazioa bera aukeratu zuten antolatzaileek. Bertan elkartu ziren Maite Lonbide zinegotzia, Isa Sanz gazteria eta hezkuntza udal teknikaria, udal liburutegiko Jasone Erostarbe, Garaguneko arduradun Asun Jauregi eta Lenbur Fundazioko Olatz Conde.
Irakurketa errazari bultzada ematea dago ekitaldi honen helburuen artean, Isa Sanzek azaldu zuenez. Egitasmo hori Legazpira Garaguneren bitartez iritsi zela gogoratu zuen, eta gaurdainoko bidean egindako erakusketa, hitzaldia eta irakurketa klubaren sorrera aipatu zituen. Ostiraleko ekitaldia herriko era- gileen lankidetzari esker antolatu dela ere nabarmendu zuen.
Jasone Erostarbe Su tranpa liburua aurkezteaz arduratu zen. Nuria Martik idatzitakoa da, fikziozkoa, baina Martxoaren 8ko emakumeen nazioarteko egunaren jatorria diren gertakarietan du oinarria: 1911ko martxoan New Yorkeko Triangle lantegiko sutea eta haren ondoriozko 146 hildakoak, gehienak emakumeak. Euskarazko bertsioa irakurriko dute zati batzuk gazteleraz irakurketa errazaren formatoan. Formato horrek «edozein irakurlek, irakurtzeko zailtasunak eduki arren, liburua irakurri ahal izatea eta ulertzea» baliatzen duela azaldu zuen, «irakurtzeko eskubidea denok izatea bermatzen du». Liburutegian Su tranpa bezalako liburu gehiago denen eskura daudela gogoratu zuen.
Ostiraleko ekitaldiak Garaguneko erabiltzaileentzat duen garrantzia azpimarratu zuen Asun Jauregi arduradunak, «espazio berri baten konkista, herrian parte hartze aktiboa, harreman berriak sortzea eta ekarpenak egitea» ekarriko dielako; giza inklusiorako bitartekotzat jo zuen.
Amaitzeko, Lenbur Fundazioko Olatz Condek emakume langileei erreparatu zien, Su tranpa liburuaren irakurketa partekatuak baduelako alde horretatik bere kutsu aldarrikatzailea. Legazpiko lantegietan ibilitako emakumeak ekarri zituen gogora, bereziki Chillida lantegiaren egoitza den papertegikoak.