«Asmube emakumeon elkargunea da, terapeutikoa»
Sanchezek Asmube elkarteko zuzendaritza utziko du zazpi urteren ondoren. «Nire burua ez nuen zuzendari lanetan ikusten, baina esperientzia aberasgarria izan da»
Asmube elkarteak 30 urte beteko ditu aurten. Emakumeei trebatzeko eta sozializatzeko aukera ematen die elkarteak. Mari Paz Sanchez (Beasain, 1953) Asmubeko zuzendari izan da azken sei urtetan, eta gaurko batzar nagusian utziko du kargua.
Erreleboa ematera zoazen honetan, zer sentsazio duzu?
Kargua uzteak ez dit penarik ematen, nekatuta nagoelako. Gainera, zuzendaritza odol berritu beharra dagoela uste dut. Baina Asmuberi esker jende asko ezagutu dut eta lagun handiak egin ditut. Giro ederra dugu elkartean, eta ziur falta nabarituko dudala. Horrek apur bat penatzen nau, baina Asmuberi lotuta jarraituko dut.
Beraz, Asmubeko bazkide izaten jarraituko duzu.
Elkartera sarritan etortzen jarraituko dut. Are gehiago, zuzendaritza berriak edozertarako laguntza behar badu, hor egongo naiz. Bai ni eta baita ere zuzendaritzako kideak.
Zenbat urte daramatzazu Asmube elkartean?
Aurten zazpi egingo ditut. Zuzenean sartu nintzen zuzendaritzan: ordenagailuekin lan egitera ohituta nengoenez idazkari izan nintzen lehen urtean, eta zuzendari izatea proposatu zidaten gero. Hasieran ez nuen nire burua zuzendari lanetan ikusten, baina hasitakoan esperientzia oso aberasgarria izan da.
Balorazioa eskatuko banizu?
Altua izango litzateke. Egia da denetarik izan dugula, une onak eta txarrak, baina beti oso babestua sentitu naiz. Hau talde lana da, halako elkarte bat ezin baita laguntzarik gabe gidatu.
Arantzarik baduzu?
Esaten den bezala, ezabatu eta ahaztu. Iraganeko kontuak dira, eta ez du merezi horietaz hitz egitea. Hartu kontuan Asmuben 300 bazkide baino gehiago garela, eta eztabaida ekidin ezina da.
Zer eskaintzen dio Asmubek Beasaingo gizarteari?
Udaletxearekin eta herriko elkarteko askorekin, adibidez, Lemniskatarekin, Goienizekin, Herrilabekin… elkarlanean jarduten dugu. Uste dut elkarlana oso garrantzitsua dela, ekitaldiak genero perspektiba batekin osatzen ditugulako.
Boluntariotza lanak ere egiten ditugu. Bihotzeko burkoak azpimarratu nahiko nituzke: bularreko minbizia duten emakumeentzako burkoak dira, forma eta material bereziz eginak, atsedena errazago har dezaten. Harreman zuzena dugu minbiziaren gaixoen elkarteekin, eta asko eskertzen dute.
Zuen lana behar bezala baloratzen dela uste duzu?
Joan den astean Igartzako jauregian urteroko ikuskizuna egin genuen. Bertan, tailerretan egiten dena herriari erakusten diogu, eta jauregia bete egin zen. Denek zoriondu gintuzten, eta lan ona egiten ari garela esan ziguten. Denon atseginerako lan egitea ezinezkoa da, baina kalean esaten didatenaren arabera, jendeak ongi baloratzen du gure lana. Eskertzekoa da.
Herritarrek ezagutzen zaituztete? Badakite zer den Asmube?
Dudarik gabe, Asmube oso parte hartzailea eta irekia delako.
Eta emakumeei zer eskaintzen die Asmubek?
Guk uste dugu Asmubeko ikastaro batera gerturatzen den emakume oro ahalduntzen ari dela. Bere denbora berak nahi duenenari eta gustatzen zaionari eskaintzen dio. Nahi duguna egiten dugu. Bertaratzen den emakumea horretaz jakitun da, eta genero ikuspegiarekin etortzen da. Gainera, elkarren arteko giroa oso ona da, eta lagun artean barrenak askatzeko ere aprobetxatzen dugu.
Askotan ikastaroa aitzakia bat bilakatzen da?
Askorentzat terapia da. Askotariko jendea elkartzen da bertan, egunerokotasun gogorra dutenak eta, agian, ezer berezirik egin gabe hizketan egoteak lagundu egiten diete. Hori da Asmube: emakumeon elkargunea.
Beharrezkoak dira emakumeen elkarguneak?
Nire ustez bai. Hogei bat emakumek duela 30 urte udaletxeari elkartzeko lokal bat eskatu zioten. Hortik egin dugu aurrera, baina oraindik lan asko dugu aurretik. Asko borrokatu dugu, eta asko borrokatu beharko dugu emakumeok bigarren mailako herritar izateari uzteko. Oraindik ez ditugu eskubide berberak.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Asmube esku onetan gelditzen da. Jende arduratsuak eta langileak hartuko du zuzendaritza. Azken finean ona da aurpegi berriak sartzea, ideia eta indar berriak dituztelako. Jendeari kosta egiten zaio ardurak hartzea, baina behar beharrezkoa da.