'Anti' filmarekin hasiko dira bihar, Iparra-Hegoa girotzeko lehen ekitaldiak
Martxoaren 23tik 29ra bitartean izango da aurten Iparra-Hegoa jaialdia. Kultur astearen aurretik ere hainbat ekintza daude antolatuta; bihar 'Anti' filma emango dute kultur etxean, 18:30ean
Aurten 25 urte beteko ditu Iparra -Hegoa ekimenak. 25 urte hauetan harremanak sendotzeko eta kultura elkartrukatzeko bideak ireki dituzte Iparra-Hegoak ekimenaren bitartez, Euskal Herria eraikizeko sareak osatuz. Martxoaren 23an hasiko da festa, baina aurretik ere egongo dira ekintzak. Kultur astearen aurretik hainbat ekintza prestatu dituzte. Bihar, martxoaren 12an, Anti filmaren emanaldia eskainiko dute, Josu Martinez zuzendariarekin eta Ainize Madariaga idazlearekin. Kultur etxean izango da, 18:30ean.
1921. urtean kokatzen da Anti film laburra. Frantziaren alde lau urtez borrokatu ondoren, Nafarroa Behereako Bizkarsoro herrira itzuliko dira soldadu joandako herritarrak. Aldi berean, andereño berria iritsiko da herriko eskolara Paristik; frantsesa bakarrik hitz egiten du, eta herriko umeek euskaraz besterik ez dute egiten.
Josu Martinez Antiren zuzendari bilbotarra izango da biharko emanaldian. Gainera, Ainize Madariaga idazlea ere bertaratuko da. Komunitatea hats bahiturik liburua idatzi zuen Madariagak 2018an; etxeko hizkuntza debekatzearen ondorioak aztergai dituen liburua da.
Larunbatean, musa
Larunbatean, berriz, Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatuko da Gopegin, Araban. Herrialdekako txapelketa jokatuta, bertan erabakiko da txapeldun nazionala nor den. Goierriko hamar muslari bikotek hartuko dute parte, Seguran bertan txartela lortu ondoren.
Martxoaren 17an Maialen Hegi Luku idazle baionarrak gidaturiko literatur tertulia egingo da Seguran, Girgileri Anderea liburuaren inguruan. Munia protagonista bipolarra da; beraren eta haren ingurukoen esperientzia kontatzen du eleberriak. Bukatzeko, jaialdia hasi aurretik, martxoaren 22an Lore eta landare azoka egingo dute Seguran ere.
Martxoaren 23tik 29ra
Martxoaren 23tik 29ra bitartean ospatuko da Iparra-Hegoa jaialdia; 23an Estitxu Robles Kolegioko ikasleei harrera egingo zaie Seguran. Bertso saioak, hitzaldiak, mendi ibilaldia, sukaldaritza tailerra edo dastaketak egingo dira astean zehar, eta igandean herri bazkari batekin emango diote amaiera Euskal Herria ardatz duen 2020ko Iparra-Hegoa dinamikari.