Herrien izenen jatorrian hizkuntzarekin murgilka
Euskaltzaindiak eta Gipuzkoako aldundiak Gipuzkoako herrien izenen lekukotasunak eta etimologia liburu batean argitaratu dituzte. Goierri bailararen eta bertako 23 udalerrien izenen informazio asko dakar.
Goierri alderontz irteteko atakaren ondoan dauka jarria, abereei edanarazteko toki zabal eder bat». Manuel Larramendi euskalari andoaindarrak 1754an Gipuzkoako Koreografia liburuan idatzitako hitzak dira. Goierri, geografikoki deskribatzeaz gain, lekuizen berezi bezala ere badarabil: «Begiratzea dago, bada, Goierriko [Goi-errico] etxalde purubetar antzinakoetara». Eskualdearen izenaren lehen aipamen dokumentala da, Patxi Salaberri Zarategik eta Luis Mari Zalduak Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia liburu argitaratu berrian jaso dutena.
Lehengo astean aurkeztu zuten azterlan onomastikoa Donostian. Probintziako herrien eta beraien auzo nagusietako informazioa atera du Euskaltzaindiak, Izenak bildumako 9.ean. Goierriko 23 udalerrien izenen jatorria, aldaerak, aurreneko aldiz zein agiritan eta noiz argitaratu zen, pertsona-izen edo antroponimoetan noiztikoa den, eta etimologia bildu dituzte bakoitzean. Baita herritarren izena idazteko forma arautua eta ezizenak ere; «Altzagarrak zakurrak, aramarrak idiak», dakar, Azkueren 1935eko aipua jasota.
Goierriko herrien artean, izenen aipamen zaharrena Lazkaorena da, 1013an Elorrion Eneco Lupiç Laçkanu izenekoaren aldaeran. Ezkioren agerpena ere mende berekoa da, Ezquiaga forman.
Etimologikoki, goialdeko lurrak esan nahi du Goierrik. Badira, ordea, jatorri ilunagoa edo ezezagunagoa dutenak.
Deskribatzetik ilunetara
Liburuaren hondarrean, ondorioen atalean, toponimoak sailkatzeko dauden lau sistemen arabera banatu dituzte herrien izenak. Ulergarritasun mailaren arabera, Areria toponimoa iluntzat hartu dute Zalduak eta Salaberrik. Baita izeneko osagaien erreferentzia aintzat hartuta Gudugarreta ere. Antroponimoetatik eratorriak dira sorta bat: Arama, Beasain, Gabiria, Lazkao, Zeba (Olaberria lehen), Ordizia, Zegama edo Zerain.
Deskribatzaileak dira beste batzuk (Altzaga, Anduaga, Arriaran, Astigarreta, Ataun, Ezkio, Gaintza, Idiazabal, Itsaso, Itsasondo, Legazpi, Legorreta, Olaberria, Ormaiztegi, Urretxu, Zaldibia edo Zumarraga). Jatorri zelta edo indoeuroparraren aztarna ere badute gutxi batzuek izenaren oinarrian edo atzizkian, Arama eta Zegamak kasu.