Sormena, etorkizuna
Asel Luzarragak irabazi zuen Igartza Bekaren seigarren saria. Aukera Guztiak plataformak, 18.000 sinadura behar zituen hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko. 14. Korrika iristear zen Goierrira

Idazle gazte eta berrientzat zuzendutako Igartza beka eman berri den honetan, hemerotekari errepaso egitea ongi dator, hori bezalako ekimenek nolako garrantzia duten konturatzeko. Duela 15 urte, GOIERRIKO HITZA-n albiste izan zen, Asel Luzarraga idazleak, Karonte liburuarekin irabazi zuela sariketa horren seigarren edizioa. Ordura arte, ez zuen argitalpenik Luzarragak, izan ere, hori zen sariketan parte hartzeko baldintzetako bat. Gaur gaurkoz, euskal idazlearen bibliografiari erreparatuz gero ikus daiteke, beka hura irabazi eta ondoren, beste zazpi argitalpen egin dituela. Horietako azkena, 2019an, Inoren Munduan izenburupean.
Bestalde, Aukera Guztiak ekimena sortu berri zen eta horren bueltan luze eta zabal mintzatu zen ekimenaren bultzatzaileetako bat, Dionisio Amundarain, Lazkaon bizi den itsasondoarra. Ezker Abertzalea bazterrean uzteko susmoak baino gehiago zeuden hartan, hutsune bat betetzera zetorren Aukera Guztiak plataforma eta sinadura bilketa egiten ari ziren, hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko. 18.000 sinadura bildu beharrean zeuden.
Ordizian jokatzekoa zen Argi Berri bertsolari gazteentzat saria iragarri zen, eta baita, Urdaneta eta Jakintza dantza taldeek batera antolatutako dantza saioa.
Korrika iristear
Bi urtez behin egiten den euskaren festa handia, Korrika, Orreagatik atera zen egunkaria argitaratu bezperan. Goierrira Martxoaren 15ean iritsiko zen.14. edizioa izan zen 2005. urtean egin zen hura. Leire Munduate zen orduan Goierriko Korrikako Koordinatzailea. Euskararen normalizazioaren aldeko ekimen horren antolakuntza lanen inguruan mintzatu zen.