Urretxuko gizonezko bat, koronabirusa duen lehen goierritarra
Bere etxekoek ez dute sintomarik, baina badaezpada ere 15 egun emango dituzte etxean bakanduta. Beasaingo Arri enpresan lan egiten du eta lankideei sintomak kontrolatzeko eskatu diete
Gauza jakina zen Covid-19 koronabirusa lehenago edo beranduago Goierrira helduko zela eta lehen kasua Urretxun eman da. Gizonezko batek ostiralean anbulatoriora jo zuen gaizki sentitzen zelako eta badaezpada ere proba egin zioten. Probaren emaitza astelehenean jaso zuen. Positiboa eman du eta berak eta bere etxekoek 15 egun emango dituzte etxean. Etxekoek ez dute sintomarik.
Gizonezko honek Beasaingo Arri enpresan lan egiten du eta bertako lankideei ere jarraipena egin behar diete. Osakidetzako arduradunek sintomak kontrolatzeko eta garbitasuna zaintzeko eskatu diete enpresa horretako langileei.
Bi lankide etxera joan ziren atzo sukarra zutelako, baina ez da koronabirusa dutenik baieztatu. Enpresa atzo irekita egon zen eta gaur goizean zuzendaritzak bilera bat egingo du egoera zein den aztertzeko eta neurri berriren bat hartu behar den erabakitzeko.
Koronabirusa duen gizonaren alabak Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean ikasten du. Ikastetxe honek zabalik jarraitzen du. La Salle-Legazpik komunikatu bat plazaratu zuen atzo: «Osasun agintariekin hitz egin ondoren, eta haien jarraibideei jarraituz, ikastetxeak honako hau jakinarazten du: eskolak bere ohiko jarduerekin jarraitu behar du, gaur egun ez dago inolako arriskurik ezta alarmarako arrazoirik ere, eta ikastetxea Osasun sailarekin harremanetan dago eta edozein aldaketaren aurrean argibideen berri emango du, beharrezkoa ez den alarma egoera saihestuz eta lasaitasunez jokatuz».
Ez dago alarmarako arrazoirik, baina tentuz jokatu behar da. Hori dela eta, Urretxuko Udalak atzo arratsaldean Labeaga aretoan egitekoa zen antzerki saioa (Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari) atzeratzea erabaki zuen. Bestalde, Goierriko lantoki askotan bilerak egiten ari dira arazoaren aurrean zer neurri hartu erabakitzeko.
Bizilagunen kezka
Koronabirusaren agerpenak kezka piztu zuen atzo Urretxun eta Zumarragan. Farmazietan xaboi desinfektatzailea agortu egin zen eta janari-dendetan ohi baino erosketa gehiago egin ziren.
Urretxuarrarena Gipuzkoako zortzigarren koronabirus kasua da. Horietatik hiru ospitalean daude. Orain arte pertsona bakar bat hil da: minbizia zuen 69 urteko Andoaingo emakume bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 197 dira koronabirus kasuak; 153 arabarrak dira. Herrialde horretan hiru pertsona hil dira eta 51 ospitalean daude. Bizkaiari dagokionez, 36 dira koronabirus kasuak. Herrialde horretan bi pertsona hil dira eta 18 ospitalean daude.