Zinegoak jaialdiko zazpi film labur emango dituzte Herri Antzokian, bihar
Bilbon jaialdia amaitu eta 60 udalerritatik baino gehiagotik igaroko da Zinegoak ibiltaria. Ekai Lersundiren istorioa kontatzen duen 'Mi pequeño gran samurai'k irekiko du Ordizian
Laugarren urtez, Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian ikusi ahal izan diren hainbat film labur, Ordiziako Herri Antzokian ikusi ahalko dira. Bihar, osteguna, izango da emanaldia, 20:30ean hasita.
Iragan otsailaren 24tik martxoaren 8ra egin zuten Bilbon Zinegoak, Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko lemapean. Aurtengo programazioaren isla da lelo hori. Sexu orientazioaz harago, jaialdiak lehenengo planoan egon ohi ez diren sexu-aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi izan dio, genero identitate eta adierazpena kasu.
Bilboko jaialdia amaituta, Euskal Herriko 60 udalerri baino gehiagotan ikusi ahalko dira, jaialdian ikusi den materialaren zati bat. Ordiziako Herri Antzokian ere izango da aukera hori. Adur Ezenarro alkatea eta Julen Nafarrete Zinegoakeko komunikazio arduradunak aurkeztu dute Ordiziako emanaldia. Bihar, osteguna, 20:30etik aurrera izango da Herri Antzokian. «Aukera hau emateagatik jaialdiari eskerrak» emanez hasi zuen aurkezpena Ezenarrok. «Goierrin, Ordizian bakarrik emango da beraz, goierritar guztiak gonbidatuta daude».
Ekai Lersundiren istorioa
Zinegoak jaialdian estreinatu den Mi pequeño gran samurai ere Ordizian ikusi ahalko da. Ekai Lersundi haur transexual ondarrutarrak bere buruaz beste egin zuen 2018an, burokraziarekin borrokatzen zuen bitartean hormonak ordezkatzeko terapia eman ziezaioten. Haren istorioa jaso nahian, haren guraso eta ingurukoek egin duten hausnarketa da film laburrean kontatzen dena. Helburua, garbia da, «halakorik berriz ez gertatzea».
Lersundiren istorioa kontatzen duen film laburrarekin batera, beste sei ikusi ahalko dira: Jess, Rani, Kokodriloa, Adlib, XY eta La Mariachi.
Helburuak
Zinegoak jaialdiaren helburuen inguruan mintzatu zen Nafarrate: «Ikus-entzunezko eta kulturaren bidez, sexu aniztasuna lantzea du helburu jaialdiak». Aldi berean, erakusleiho ere bada Zinegoak: «Askotan esaten dugu jaialdia aitzakia dela, eta hori baino gehiago da, gizartea eraldatzeko tresna bat da eta sexu aniztasuna lantzeko balio du». Ordiziara «lagin txiki bat ekarriko» dute: «Hona ekarritako zazpi film laburrek, jaialdian jorratutako gai guztiak landuko dituzte». Euskal Herrian sortutako bi lan ikusi ahalko dira eta atzerrian sortutako beste bost». Guztien artean, Bilboko jaialdia ireki zuen eta publikoaren saria irabazi duen Mi pequeño gran samurai film laburra nabarmendu du Zinegoakeko komunikazio arduradunak.