Garapen agentziak laneratzen lagunduko die langabetuei
Uggasa garapen agentziak Hazilan programaren edizio berri bat jarri du abian, langabezian dauden 44 urtetik azpiko profesionalei laneratzen laguntzeko.
Hazilan programaren seigarren edizio hau apirilean hasiko da eta uztailean amaitu. Parte hartzaileek arlo ezberdinetako enpresetan 200 orduko praktikak egingo dituzte eta lana bilatzeko garrantzitsuak diren gaitasunak indartzeko formakuntza jasoko dute.
Ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek UGLEn jasoko dute formakuntza, Uggasako teknikarien eskutik. Formakuntza saioak apirilaren 20tik 30era izango dira, 09:30etik 13:30era. Ondoren, beraien profil eta interesen araberako praktikak egingo dituzte Goierri garaiko enpresa ezberdinetan.
Uggasako arduradunen ustez, Hazilan bizitzarako eta lanerako garrantzitsuak diren gaitasunak sustatzeko eta kudeatzeko eta nork bere burua ezagutzeko eta ezagutzera emateko oso baliagarria da.
Izen-ematea
Parte hartu nahi dutenek 943 25 00 98 telefono zenbakira deitu behar dute edo lanpoltsa@uggasa.eus helbide elektronikora idatzi.
Egitasmo honekin, Uggasa garapen agentziak Goierri garaiko enpresa, aditu eta herritarren arteko elkarlana sustatu nahi du, arlo ekonomikoari bultzada emateko eta gizarte ongizatea lortzeko.












