Ordizia Erronka jarri dute martxan, herria hobeto ezagutzeko jokoa
Egunero, itxialdia amaitu arte, herriaren historiari, toponimiari edota bitxikeriei buruzko galdetegi bat argitaratuko dute Quizziz aplikazioa erabilita
Ordiziako herria ezagutzeko ekimena jarri du martxan ordiziar talde batek. Konfinamendu egunak arintze aldera, Ordiziari buruzko galderak oinarri dituen jokoa asmatu dute. Ordizia Erronka izena du ekimenak, eta itxialdiak irauten duen bitartean egongo da eskuragarri.
«Gaur egungo egoera ikusita, gehiengoa etxean egonda, zerbait egitea pentsatu genuen», azaldu du antolakuntzak. Horrela, beste joku batean oinarrituta galdetegiak prestatzea bururatu zitzaien: «Egunean Behin jokoa kontuan hartuta, Ordiziara islatu nahi izan dugu». Erronka bakoitzean 10 galdera erantzun behar ditu parte hartzaileak. Denetarikoak dira galderak: «Kultura, hezkuntza, historia, pertsonaiak, kirola, bitxikeriak, toponimia…denetarik aurkitu daiteke», esan du antolakuntzak.
Quizziz aplikazioa erabili behar da jokatzeko; jokalariak bere emaila idatzi behar du eta galdera sorta aterako zaio. Ordizia Erronkaren Facebook eta Instagram kontuetan aurkitu daiteke quizziz helbidea.
Itxialdia amaitu arte
Antolakuntzak azaldutakoaren arabera, alarma egoera bertan behera geratu arte egongo da abian erronka: «Konfinamendua bukatu arte egin nahi dugu; martxoaren 28an hasi ginen, baina proiektua sukaldatzeari 23an ekin genion», azaldu dute. Ordiziari buruzko galderak eginez herriko jendearen parte hartzea bultzatu nahi dute. Bakoitzak bere herriari buruz dakiena frogatzeko modua ere bada.
Seigarren erronka eta galdera sorta izango da gaurkoa. Galdetegia ere antolakuntzak egin du, inguruko datuak bilduta: «Ez da lan txikia; pentsa galdetegi bakoitza 10 galderaz osatuta dagoela, eta 30 erronka eginez gero, 300 galdera izango lirateke». Lana den arren, gogotsu agertu dira: «Prest gaude». Galdetegi horiek prestatzeko, «Internet, liburuak, esperientzia pertsonalak eta bakoitzaren jakinduria» erabili dituztela azaldu dute.
Harrera ona izan du ekimenak. Antolakuntzaren arabera, egunero «500 pertsona baino gehiago» ari dira lehiaketan parte hartzen, gazte zein heldu.
Itxialdia amaitzean, sariak emango dituzte, baina oraingoz ez dute azaldu zer izango den: «Sorpresa mantendu nahi dugu; jendeak parte hartzea, ezagutzea eta dibertitzea da gure helburua, eta sariak honen ondorioz etorriko dira», zehaztu dute.
Beraz, Ordiziari buruzko bitxikeri eta istorioak ezagutu nahi dituenak egunero izango du aukera Quizziz aplikazioa erabilita, Ordizia Erronka ekimenarekin.
SeguraQuiz, haur segurarrei zuzendutako jokoa
Seguran herenegun jarri zuten martxan SeguraQuiz jokoa. Segurako Udalak kudeatzen duen Turismo Bulegoak abiarazitako ekimena da, eta Google Forms plataforma erabili dute galdetegietarako. Haurrei zuzendutako jokoa den arren, gurasoekin batera parte hartu ahal izango dute.
Lehiaketako zozketa Ardixarra etxea berriro irekitzen dutenean egingo da, eta saria familiarentzako Segura eta Ardixarra etxeko bisita gidatua izango da. Gainera, herriko oroigarri bat ere jasoko du irabazleak. Segurako Turismo Bulegoaren Facebook orrialdean eskegiko dute galdetegiaren helbidea, eta bertatik sartuko dira parte hartzaileak.