Bertarik bertara eta etxez etxe
Plater prestatuak egiten dituzte Goierriko hainbat establezimendutan eta lanean ari dira egunotan. Lazkaoko Maitte eta Mutiloako Ostatua dira zerbitzua ematen ari direnetako batzuk.
Sukaldean aritzeko denbora gehiago du jende guztiak orain. Sukaldean ondo adituak eta arituak dira batzuk, seguru. Sukaldean hain trebeak ez direnak ere, ordu libreak aprobetxatuz, Youtubeko bideo ugari ikusi dituzte jada, hain gustuko dituzten jakiak egiteko. Google sartu eta bilatzailean gaur zer bazkaldu galdera egin duenik ere izango da ziur asko. Baina, Lazkaoko Maitteko patata tortilla eta bakailoa, edo Mutiloako Ostatuko Iñaki Telleriak prestatutako marisko krema eta gazta tarta, bezalakorik bai? Bakarrak dira, sukaldari bakoitzak bere eskua duelako, eta edonork daki hori. Jakin, etxealdia pixka bat goxatzeko, herritarrentzat lanean dihardutela.
Zerbitzua egokituz
Duela 11 urte ireki zuen Maite Garmendiak, Maitte, Lazkaon. Tabernan eguneko menua, eta horrez gain etxera eramateko denetariko prestatuak egiten dituzte. Lazkaotarren artean bakarrik ez, ingurukoek ere ondo ezagutzen dituzte han prestatutako mota guztietako patata tortillak, besteak beste. Zenbat hamarretako eta zenbat urtebetze festa han prestatutako jakiekin. «Oso oso lasai ari gara lanean, baina hemen gaude, zerbitzu bat eman behar dugu, nahiz eta oso konplikatua izaten ari den», hala kontatu du Garmendiak berak. Egun batzuetan «bada mugimendua, beste batzuetan ordea lan oso gutxi egiten dugu». Hala ere «goizero, ateak irekita» dituzte.
Lazkaon bertan bizi direnentzat zerbitzua emateko ez dago arazorik. Baina, inguruko herrietako pertsonentzat zerbitzua normaltasunez ematea zaila izaten ari dela esan du: «Lazkao inguruko herrietatik gerturatu nahi izan duten batzuk, errepidean kontrolak aurkitu dituzte, eta buelta eman behar izan dute». Horren aurrean, etxez etxeko zerbitzua ematen ari dira, «bezeroarekin adostua, beti ere».
Eskaintza, zabal-zabala: «Eguneko menua dugu, eta enkarguz, plater bereziagoak ere prestatzen ari gara». Denboraldiko produktuak kontuan hartuz, menu orekatuak prestatzen dituzte.
«Normaltasunari ahal den neurrian eusten saiatzen ari» dira, nahiz eta ohiko lan egiteko modua dexente aldatu den. Izan ere, erakusleihoa, webgunea eta sare sozialak dira orain: «Eguneroko menua jartzen dugu bertan, edonork zerbait nahi izatekotan, eskaintzaren informazio guztia eskura izan dezan. Eskariak, telefonoz egin daitezke».
Mutiloako Ostatutako Iñaki Telleria egoera berezi honetara egokitu da eta lanean jarraitzen du. Kontatu du «alarma egoera ezarri zen lehenengo astean, etxean gelditu» zela. Baina, bezeroek eta lagunek, faltan sumatzen zituzten hark prestatutako plater goxoak eta hala jakinarazi zioten: «Mezuak jasotzen nituen ea noiz jan ahalko zituzten Mutiloako Ostatuan eskaintzen ditugun platerak».
Hala, «buruari buelta batzuk eman, eta udaletxean galdetu» zuen , «etxez etxeko zerbitzua emateko arazorik izango ote» zuen. «Ezetz» erantzun zioten. Horrela, eskura zituen baliabideak martxan jarri eta Whatsap taldea sortu zuen, bere produktuetan interesa izan zezaketen pertsona haiekin: «Jendeak sukaldean aritzeko denbora sobera du orain, horregatik, normalean jendeak etxean egiten ez dituen platerak prestatu eta eskaintzen ditut, egunerokotasunean jateko ohiturarik ez ditugun platerak, alegia, plater bereziak».
Antolaketa izaten ari da erronka handiena: «Banaketak goizetan egiten ditut, eguerdiak sukaldean, arratsaldean hurrengo eguneko eskaintza zerrenda egiten eta jendeak 22:00ak arte egin dezake hurrengo egunerako eskaera». Bezeroen beharretara ere egokitzen da: «Proposamenak egin daitezke eta posible bada, ez dut arazorik eskatutakoa prestatzeko».
Mutilotik, Goierri osora ematen du zerbitzua. «Ordiziatik jasotzen dut eskaera gehien baina Urretxura, Legazpira edo Zaldibiara ere joan naiz janaria eramatera». Interesa dutenek deitu Mutiloako Ostatuko telefonora.
Tokikoa indartu
Una zail hauetan, Telleriak azpimarra egin du, tokiko establezimenduek eta ekoizle txikiek egiten duten lana balioan jarri nahian: «Haragia Beasaingo Olano harategian eta barazkiak Aramako Patxi Arizmendiri eta Ordiziako azokako ekoizleei erosten dizkiet, primerako produktuak dituzte eta denboraldikoak gainera. Horrez gain, uste dut, tokiko merkataritza eta ekoizleak zaintzea oso garrantzitsua dela, sareak osatzea eta bertakoa babestea, guztiz beharrezkoa da hori».













