Errenta aitorpena egiteko epea astelehenean hasiko da, Internetez
Errenta aitorpena 'online' egin beharko da jende arteko kontaktuak ekiditeko. Era mekanizatuan ere egin ahalko da osasun arduradunek baimena ematen dutenean
Errenta aitorpena onartzeko epea astelehenean zabalduko da. Proposamenak egiteko epea, berriz, apirilaren 15ean hasiko da. Internet bidez egin beharko dira tramitazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bulegoak itxita baitaude osasun adituek kontrakoa esan artean. Uztailaren 29an amaituko da 2019 urteari dagokion zergen autolikidazioa egiteko epea, sor daitezkeen arazoei irtenbidea emateko, ohi baino hilabete beranduago. Hala, ordainketak uztailaren 30ean kargatuko dira.
Aurtengo zergaldiak aldaketa batzuekin dator. Hauek dira nagusienak: oinarri likidagarri orokorrari aplikatu beharreko eskala deflaktatu egin dute eta kopuruak eguneratu; PFEZ zergadunei kultur mezenasgoaren arauak ahalbideratzen dituen zerga pizgarriak aplikatuko dizkiete; eta aukeren araubidea malgutu egiten da eta bertan sartzen dira langile lekualdatuen araubide berezia. Zalantzaren bat izanez gero, Gipuzkoako Ogasuneko langileek telefono bidez lanean jarraitzen dutela gogorarazi du foru aldundiak, eta aholkularitza bulegoak ere martxan dabiltza telematikoki.
Ogasunak iragarri du 2019an hildakoen pertsona fisikoen gaineko zerga likidatzeko ogasunak Hildakoen PFEZaren itzulketa izeneko eskaera eredua onetsiko duela, «herritarrei zerbitzu hobea emateko». 20.000 bat goierritarrek egin beharko dute errenta aitorpena.
Hiruhilekoa, atzeratuta
Autonomo, mikroenpresa, enpresa txikiei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazioak eta aitorpenak aurkezteko epea ekainaren 1era atzeratu dute pandemiaren erruz. Aurreikuspenen arabera, diru bilketak behera egingo du.
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina
Uemak (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) eta beste hainbat erakunde publikok errenta aitorpena euskaraz egiteko sustatze kanpaina abiatu dute. Administrazioa euskalduntzeko bidean urrats bat gehiago dela azpimarratu dute eragileek, baina «errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik». Autolikidazio proposamena onartzerakoan, edozein euskarritan egiten dela ere, euskaraz egin nahi dela esan behar da. Behin hala eginda, aurrerantzean proposamen guztiak euskaraz jasoko dira. Proposamena Internet bidez egiterakoan, euskarazko txantiloia deskargatu behar da eta hobetsitako hizkuntza egokitu.