Kalean ez, eta mendian ere ez
Gainontzeko herrietan bezala, jende gutxi dabil Zegamako kaleetan. Maiatzaren 24an egitekoa zen Zegama Aizkorri maratoia ere bertan behera geratu da.
Gainontzeko Goierriko herrien antzera, Zegaman ere jende gutxi dabil kalean. Erosketak egiteko edo bankura joateko ateratzen dira etxetik herritarrak. Udaberria hasi da jada, baina aste honetan elurtuta egon dira Zegamako inguruak. Hala azaldu du herritar batek, etxetik ikusi baititu zuritutako mendiak. Gaur atera da lehenengo aldiz kalera, butanoa berritzeko: «Orain arte boluntarioek egin dizkidate erosketak».
Joseba Izagirre alkatearen arabera, jarrera ona ari dira izaten herritarrak: «Bakarren bat ibiliko da, baina orokorrean herritarrak neurriak errespetatzen ari dira», azaldu du. Zegaman bost positibo atzeman dituzte, eta egoeraren larritasunaz ohartu dira zegamarrak: «Orain etxera ailegatu zaigu gaitza, eta nik uste jendea oso kontzientziatuta dagoela, gai serioak dira hauek», adierazi du Izagirrek.
Protokoloa, besteen antzera
Alarma egoera honetan ezarritako protokoloa Goierriko beste herrietan bezalakoa da. Hala azaldu du alkateak: «Beste herrietan bezala, dena itxita edo geratuta daukagu». Udaletxean atea itxita dabiltza lanean, eta langileak txandatu egiten dira. «Ordaindu behar diren tasak beranduago kobratzeko luzapena eman dugu, eta bestela ekintza gutxi dauzkagu», esan du Izagirre alkateak.
Irekita daude farmazia, okindegia, harategia, arraindegia eta estankoa. Farmazialariak azaldutakoaren arabera, lan asko ari dira izaten egunotan: «Gaur lasaiago dago, baina atzo eta aurreko egunetan tope ibili gara». Plazape okindegiko Anak, aldiz, adierazi du herritar asko ez direla kalera ateratzen, badaezpada ere: «Egunkari gehiago saldu ditugu, baina ogia antzeko; asko etxean geratzen dira, heldu zein gazte». Okindegi kanpoan garbitzeko gelak daude, sartu baino lehen eskuak desinfektatzeko.
Zegama-Aizkorri maratoia
Asteartean jakinarazi zuten Zegama-Aizkorri mendi maratoia bertan behera gelditu dela. XIX. edizioa maiatzean ospatzekoa zen, baina ekintza gehienak bezala, hau ere bertan behera utzi dute. Ez da atzeratuko, baizik eta aurtengo edizioa ez da egingo.
Antolakuntza taldeak eta Salomonek hartutako erabakia izan da. Joseba Izagirre alkateak zentzuzko erabakia dela azaldu du: «Dudarik ez dago erabakirik onena dela maratoia bertan behera uztea». Hurrengo urtera arte, 2021era arte, itxaron beharko dute korrikalariek inguru horietan korrika aritzeko.
Aurtengo edizioak inoizko izen emate kopuru altuena izan zuen: 12.564 pertsonak eman zuten izena mendi maratoian korrika egiteko.
Erabaki ona izan da, baina eragina izango du Zegamako herrian: «Zegama munduko eskaparatean jartzen du lasterketak; eskaparate hori galduko dugu, eta herriko tabernek eta ostatuak ere eragina nabarituko dute», esan du alkateak.
Eragin ekonomikoak izango direla jakina da, baina zaintza jarri dute erdigunean. Oraindik astebete geratzen da itxialdia bukatzeko, gutxienez. Apirilaren 11ra arte dago ezarrita alarma egoera. Herritarrak, halere, eszeptikotasunez agertu dira: «Luze iraungo du honek, uztailera edo abuztura arte gutxienez nik uste», dio Plazape okindegiko Anak. Eguzkia atera zein elurrak mara mara bota, etxeko leihotik ikusiko dugu eguraldia.