Bidaia agentziak, gertatu daitekeenari begira
Itxita daude bidaia agentziak, baina lanean jarraitzen dute bezeroei erantzunak eman eta kezkak argitzeko. Bertan behera gelditu diren hegaldietarako bonoak eskaini ahal izango dituzte agentziek.
Bidaia agentziak itxita dauden arren, lanean jarraitzen dute bertan behera gelditu diren bidaiak kudeatu eta bidaiarien kezkak argitze aldera. Espainiako Gobernuak joan den astean onartutako dekretuaren arabera, bonoak eskaini ahal izango dituzte bidai agentziek koronabirusagatik baliogabetutako hegaldien truke. Urtebeteko balioa izango dute, hau da, bidaiatu behar zutenetik urtebeteko epea izango dute erabiltzeko.
Martxoaz geroztik egin behar ziren bidaia guztiak geratu dira bertan behera, apirilaren 26ra arte, alarma egoera luzatzen ez bada eta betiere hartzen diren erabakiei erreparatuta.
Hegazkinen bonoak
Hegazkina behar den bidaiekin sortu da arazoa, batik bat. Bonoak hegazkin bidaietarako balio du, baina gainontzeko erosketak oraindik ez daude argi: «Bidaia konbinatuetan oraindik ez dute horrelakorik tramitatu», azaldu du Florida Bidaiakeko Juan Urbano Jauregik.
Ediren Bidaiak agentziako Edurne Sanchezek azaldutakoaren arabera, kantitate ekonomikoa ez dute bueltatuko hegazkin enpresek: «Oraingoz dirua ez dute itzuliko, eta agentziek ezin dugu ematen ez diguten dirua itzuli», agertu du. Alarma egoera ezarri zenean lortu zuen akordiorik Edurne Sanchezek, baina orain bonoak besterik ez dituzte emango: «Italia ixten hasi zirenean, enpresa batzuek dirua itzuli zidaten eta bezeroei itzuli ahal izan nien, baina apirilekoak ere eskatu ditut eta ez dut erantzunik jaso oraingoz».
Hegazkinik gabeko bidaiak errazago kudeatu ahal izan dituzte: «Aste Santuan Benidormera zihoan talde bat, eta bertan behera geratu da dena galerarik gabe», esan du Sanchezek.
Maiatzetik aurrera
Florida bidaia agentzian maiatzaren 1era arteko bidaia guztiak gelditu dira bertan behera. Hortik aurrera, egokiena Espainiako Gobernuak hartzen dituen erabakiei adi egotea dela azaldu du Jauregik hurrengo hilabeteetako bidaiak ezeztatzeko: «Guk ezin dugu jakin, bezero batzuek ekainean dute bidaia, eta kasu honetan airelineak ez dizu ez dirurik ez bonorik emango baliogabetuz gero, oraindik ez dagoelako neurririk ekainerako».
Bezeroek pazientzia izan behar dutela azpimarratu du Jauregik: «Pixkanaka joango gara ikusten zer gertatzen den». Erositako paketeak itzultzeak onartzen ez baditu, ordaindutako guztia galduko lukete bezeroek erabakia orain hartuta: «Nik nire bezeroei itxaroteko eta pazientzia izateko gomendatzen diet».
Hegazkin enpresa batzuek bestelako aukerak ere ematen dituzte, Jauregik jakinarazi duenez: «Iberiak, adibidez, taldea mantentzeko aukera eman zidan taldeko bidaia batean, baina data aldatuta; abenduko zubira aldatu dute, gastuak ere mantenduta». Zehazki zer gertatuko den ezin dute jakin bidai agentzietan. Itzultzen dieten dirua itzuliko dute oraingoz.
Egoeraren arabera
Eroski Bidaiakeko Sergio Gomezek azaldu bezala, hartutako bidaiaren eta egoera pertsonalaren araberakoa da kudeaketa, eta ahal bezala bideratu dituzte bezeroen eskaerak: «Orain arte kanpoan zeuden bezeroak ekartzen aritu gara; ezberdintasun asko daude, eta bakoitzak behar dituen tramiteak osatzen saiatu gara». Gehitu du askok burokrazia arazoak izan dituztela: «Batzuek, adibidez, ez zuten paperik, eta gobernuak ez zien bueltatzen uzten».
Ezjakintasuna da nagusi etorkizunera begira. Apirilaren 26tik aurrera hartutako erabakiek argituko diete bidea agentziei: «Egoera berria da eta erabakiak pixkanaka hartu behar dira, hartzen diren neurrien arabera».