Gaixotasun hau ere gainditzen da
COVID-19 birusa hartzen duten pertsona gehienak sendatu egiten dira. Positibo eman zuen goierritar batek bere esperientziaren berri eman dio GOIERRIKO HITZARI.
Koronabirusak pertsona asko hil ditu, baina birusa hartzen duten gehienak sendatu egiten dira. Askok konturatu gabe gainditzen dute gaixotasuna, baina beste askok sintomak izaten dituzte, proba egiten diete eta positibo ematen dute. Horietako asko sendatu dira jada. Bere izena eman nahi ez duen goierritar batek bere esperientzia azaldu du, baikortasun mezu bat bidaltzeko.
Goierritar hau Madrilera joan zen martxoko lehen asteburuan, beste hamar lagunekin batera. «Koronabirusaren inguruan ezer gutxi genekien oraindik. Hor zegoela eta kito. Madrilen giroa erabat normala zen. Eguraldi ona egin zuen eta jende pilo bat zebilen kalean», gogoratu du.
Handik itzuli eta hiru egunera, gaizki sentitu zen. «Asteazkenean ez nintzen oso ondo sentitzen eta gorputzaren tenperatura neurtu nuen. Sukarrik ez nuenez, normal jarraitu nuen. Hurrengo egunean okerrago sentitu nintzen, sukarra nuen (38º) eta medikuarekin egon nintzen. Gripea nuela esan zidan. Enpresara deitu nuen baja eman zidatela esateko eta koronabirusaren proba eskatzeko esan zidaten. Deitzera nindoala, medikuak deitu zidan: goiz horretan bertan protokoloa aldatu zutela eta Madrilen egondako guztioi proba egin behar zigutela esan zidan».
Positibo eman zuen. «Parazetamola eman zidaten eta egun horretatik aurrera ondo egon naiz. Ordutik, ez dut sukarrik eduki. Hori bai, hamabost egun eman nituen etxean sartuta. Ez nintzen ezertarako atera. Erosketak etxeko atean uzten zizkidaten. Bakarrik bizi naiz, baina etxean eman nituen hamabost egunak espero baino eramangarriagoak izan ziren: etxetik lan egin nuen, irakurri, telebista ikusi, Whatsapp mezuak erantzun, telefonoz hitz egin… Egunak espero baino azkarrago pasa ziren».
Sintoma arinak izan dituela eta erraz gainditu duela dio. «Goiz batean bakarrik sentitu nintzen gaizki. Parazetamola hartzen hasi eta berehala hobeto sentitu nintzen. Gogorrena norbait kutsatu ote nuen pentsatzea izan zen. Zorionez, Madrildik itzuli ondorengo egunetan ez nintzen familiakoekin egon. Gainera, medikuek sintomak dituzunean zarela kutsakorren esan zidaten. Asteazkenean laneko bilera batean egon nintzen eta gure enpresako prebentzioaz arduratzen den enpresak etxera bidali zituen nirekin bileran egon ziren guztiak».
Lasai egon da
Bestelakoan, lasai egon dela dio. «Oso sintoma arinak izan ditudanez, lasai egon naiz. Arriskutsuena arnasketa arazoak izatea da eta nik ez dut inongo zailtasunik izan arnasa hartzeko. Sukarra egun bakar batean eduki nuen eta eztula, pixkanaka, arindu egin da. Egia esan, ez dut urduri jartzeko arrazoirik izan».
Martxoaren 28an etxetik atera zitekeela esan zioten (erosketak egitera bakarrik, noski, gainontzeko guztiak bezala). «Oso diziplinatuak garela ikusi dut. Horrek harritu egin nau. Ez nuen espero jendea horren diziplinatua izatea. Agindu guztiak oso ondo betetzen ari gara».
Konfinamendua horren zorrotza izateak ere harritu egin du. «Enpresa askotan prebentzio arduradunak daude eta Norbere Babeserako Ekipoak edukitzeaz eta langileen arteko distantzia bermatzeaz arduratzen dira».
Normaltasunera itzultzea asko kostako dela uste du. «Bizitza normaltzat hartzen dugun horretara noiz itzuliko garen ikusteke dago. Itzulera graduala izango da. Poliki-poliki emango da. Egoera honek oraindik luze joko duela dirudi».
Gainera, ekonomiak kolpe latza jasoko du. «Ekonomia kolpe latza jasotzen ari da dagoeneko. Hainbeste egun itxita egotea oso gogorra da, batez ere dendentzako eta enpresa txikientzako. Fakturatu gabe, ezin da egon. Aterako gara, baina gogorra izango da».