'Herriko tabernen' auziko enbarguak gauzatzen hasi da Auzitegi Nazionala
Espainiako Auzitegi Nazionala hainbat elkarteren diru-kontuak enbargatzen hasi dela salatu du Sortu alderdiak bat. Goierriko zortzi elkarte daude 2015eko sententzian auzipetutakoen artean
Espainiako Auzitegi Nazionala ‘Herriko tabernen’ aurkako epaia gauzatzen hasi da egunotan, horien kontu korronteak enbargatzeko agindua emanda. Sortu alderdiak salatu duenez, «jada hasi dira taberna eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztien enbargoa» gauzatuko den susmoa agertu dute.
Goierriren kasuan, zortzi herriko tabernari eragin zien itxiera aginduak. Aldiri (Urretxu), Ama Lur (Zumarraga), Antsoategi (Lazkao), Arrano (Beasain), Elorri (Segura), Irriki (Ordizia), Legazpi Eginez (Legazpi) eta Osinberde (Zaldibia) elkarteak daude zerrendan.
Auzitegi Nazionalak 2014an eman zuen 35/02 sumarioko zigor epaia. Bertan, kartzela zigor batzuk agintzeaz gain, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, ETAren egitura finantzatzea egotzita. Tabernen defentsak jarritako helegiteen ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen auzia; honek 2015ean eman zuen sententzian, espetxe zigorrak jaitsi arren, bere horretan utzi zuen 101 herriko tabernaren aurkako neurria.
Sorturen ustez «epai politiko eskandalagarria» izan zen eta «36ko gerraz geroztik eman den espolio politiko eta ekonomiko handienari bide» eman zion. Hala, «ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoia» dela salatu du.
Itxialdi garai betean
Bost urtez «lozorroan» egon da epai horren exekuzioa, eta Sorturen ustez, denbora horretan, «herriz herri, auzolanean, asko izan dira euren ekarpen politiko eta kulturalari eutsi eta are gehiago, biziberritu» duten tabernak eta elkarteak.
Koronabirusa aitzakiatzat hartuta, «gerra hotsak» dabiltzala ere azaldu du alderdi abertzaleak. «Espainiako Gobernuak, Guardia Zibil eta militarrak osasun krisiaren aurkako propagandaren lehen lerroan jarrita». Baina «iraganekoa behar luken neurri honek» gogora dakarrena, «Espainiako Erreinuaren autoritarismoa ez dela berria» da, Sorturen arabera.
Horren aurrean, ezker abertzaleak «iraganeko ziklo politikoa gainditu eta Euskal Herrian bakea eta askatasunaren bidean aurrera» egiteko eskenatoki politiko berri baten alde egindako apustua berretsi du.













