«Normaltasun berriaren» aurrean, zalantza ugari
Graduala, asimetrikoa eta koordinatua izango da normaltasun berrira bueltatzeko bidea. Prozesuak sei aste iraungo dituela aurreikusi dute, lau fasetan banatuta
Graduala, asimetrikoa eta koordinatua, hala izango da normaltasun berrira bueltatzeko bidea. Astearte arratsaldean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak, hurrengo asteetarako deseskalada plana. Prozesuak sei aste iraungo ditu eta lau fasetan banatuta egongo da. Bakoitzak bi asteko iraupena izatea aurreikusi dute. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak «ekain amaieran normaltasun berria» izan nahi du Espainiako estatu osoan. Gainera, Alarma Egoera beste bi astez luzatzeko eskatu du.
Goierriko tabernariak, dendariak eta kirolariak, besteak beste, prestatzen ari dira pixkana-pixkana, nahiz eta hurrengo pausoa emateko zalantza asko dituzten oraindik.
ESTI GARZIA
Ness arropa denda
«Dendara etorri nahi duenak, aldez aurretik txanda eskatu beharko du»
Aurten 20 urte egin ditu Esti Garziak Ness arropa dendaren gidaritzan, Ordizian. Ez da geldirik egoten den horietakoa. Alarma Egoera indarrean sartu aurretik ere, urteurrenaren harira «denda pixka bat berritu» zuen. Hilabete baino gehiago denda itxita eduki ondoren, iragarri berri duten deskonfinamedurako prestatzen ari da: «Denda irekitzen dudanean, ez da lehen bezala izango, maskara eta eskuzorroak jantzita eramateaz gain, beste hainbat neurri ere kontutan izan beharko ditut, baina ez nik bakarrik, bezeroek ere kontu handiarekin ibili beharko dute, ziur nago, etxean egon garen denboran, haiek ere ikasi dutela hemendik aurrera nola jokatu behar dugun».
Arropa dendetan, edozein momentutan sartu, arropak ikusi, ikutu eta probatu, hori guztia ere aldatuko da: «Agendarekin egingo dut lan, nahiz eta oraindik ez dudan ireki. Dendara etorri nahi duenak beraz, aldez aurretik txanda eskatu beharko du, eta gehienez, bi bezero egon ahalko dira barruan». Beste aukera bat, «etxez etxeko zerbitzua izango da, etxetik ateratzeko beldurrez dauden haientzat».
Ikututako arropekin zer? Ba, kontu berezia izan beharko du eta hala argitu du: «Arropa bat esku artean erabili ondoren, lau egun zintzilik utzi beharko dut, berrogeialdian».
Oraindik, «zalantza askorekin» baina poliki-poliki normaltasun berrira egokitzeko lanean dihardu.
EKAIN LORENZO
Gudin taberna
«Oso zaila izango da iragarri duten balditzetan tabernetan lan egitea»
Normaltze planari jarraiki, maiatzaren 11tik aurrera terrazak dituzten tabernek irekitzeko aukera izango dute. Taberna barruan ez, baina terrazan egon ahalko dira bezeroak. Aforoa mugatua izango da, terrazen %30a bete ahalko baita bakarrik.
Ekain Lorenzo, Ordiziako herrigunean dagoen Gudin tabernako arduraduna da: «Irekieraren aurrean, gauzak ez daude guztiz garbi, muga asko izango ditugu. Tabernari bezala esan dezaket, oso zaila izango dela iragarri duten balditzetan lan egitea, eta hala ere, eskerrak terraza dugun, horri esker, ireki ahalko dudalako, baina oraindik zalantza asko ditut».
Kalkuluak egiten, «10 mahai jartzeko baimena duen taberna batek, horietako hiru bete ahalko ditu, baina oraindik ez dakigu horietako bakoitzean zenbat pertsona eseri ahalko diren, familia berekoak badira guztiak batera eseri ahalko diren, bi metroko distantzia zaindu behar ote duten…». Ordiziako Udalarekin bilduko dira tabernariak, zalantza guztiak argitze aldera.
JULEN GOIA
Ampo Ordiziako jokalaria
«Pilotari batek pilotalekua behar duen moduan, guk zelaia behar dugu»
Kirol mailan erreferente da Julen Goia Ampo Ordiziako jokalaria. Altamiran ezin entrenatu, eta telelana egiten ari dira, ahal duten neurrian, etxean ari baitira entrenatzen, taldeko jokalari guztiak. Egun gutxi barru, kalera atera ahalko dira entrenatzera, baina oraindik «urrun» ikusten du, Altamirako zelaira entrenatzera joan ahal izatea.
«Arlo fisikoa lantzeko entrenamenduak diseinatuta ditu prestatzaile fisikoak». Indarra, «etxean lantzen jarraitu» beharko dute, «orain arte bezala». Aldatuko dena, «lan aerobikoa» izango da, «korrika egitera atera ahalko» dutela, alegia.
«Pauso bat bada ere», argi du errugbi jokalari batek «lurrera joan, plakatu, altxatu…» behar duela. «Pilotari batek pilotalekua behar duen moduan, guk zelaia behar dugu».
ESTI RUANO
Matxain ileapaindegia
«Bezeroari ilea garbitu bai, baina nire lankideak bi metrora egon behar du»
Maiatzaren 4tik aurrera, ileapaindegiek ere ireki ahalko dute, baina sektorean, zalantzak dira nagusi. Estibaliz Ruano, Ordiziako Matxain ileapaindegiko arduraduna da eta hala kontatu du: «Gobernuak zabaldu duen informazioa hain da laburra eta zehaztasun gutxikoa, nola ireki behar dugun, zalantza asko sortzen dizkidala». Lau egun falta dira ileapaindegiko ateak irekitzeko «baina oraindik ez dute zehaztu, nik bakarrik edo langileek ere bueltatu ahalko duten».
Bestalde, «zentzugabekeriak» ikusten ditu: «Ez da oso logikoa, bezeroari ilea garbitu bai, baina nire lankideak nigandik bi metrora egon behar izatea».














