Ataunen San Isidro feriarik ez, baina herrian erosteko deia
Aurten ez dute San Isidro eguneko nekazari feriarik egingo Ataunen. Udalak babesa azaldu die lehen sektoreko ekoizleei, eta haien produktuak kontsumitzeko katalogoa osatuko dute.
Maiatzaren 15ean Aia auzoan zen egitekoa aurtengo San Isidro nekazari feria eta festa, Ataunen. Baina ez dela egingo aurreratu du udalak, osasun larrialdi egoerak behartuta. Lehen sektoreko ekoizleei babesa adierazi die, eta haien produktuak kontsumi daitezen, katalogoa osatuko dute. Ahalik eta lasterren bukatu eta etxeetara banatzea da udalaren asmoa.
Bestetik, herriko taberna eta jatetxeak etxerako janari zerbitzua ematen hasi direla eta, bultzada emateko deia ere zabaldu du udalak. Haien produktuekin etxean gozatu eta bide batez bultzada bat emateko aukera ona dela azaldu dute.
- Urbitarte sagardotegia: Sagardoa etxez etxe (943 18 01 19)
- Sutegi taberna: Goizez denda, asteburuan ogitartekoak (943 18 03 54 / 620 20 84 89)
- Troskaeta taberna: Ogitartekoak, pizzak, razioak, entsaladak eta edariak (943 18 00 37)