Beasainen ere, bueltan da azoka
Segurtasun neurri zorrotzekin, distantziak zainduz eta gehienezko jende kopurua mugatuta egiten ari dira azoka Beasainen. Bi eremutan banatu dute, Loinazko San Martin plazan eta plazapean.
Espainiako Gobernuak martxoaren 14an alarma egoera ezarri zuenetik, azokarik egin gabe zeuden Beasainen. Hain zuzen ere, Beasain izan da Goierriko herririk hazienen artean, azoka berrezartzen azkena. Gaurtik, ordea, bueltan dira baserritarren salmahaiak, nahiz eta segurtasun neurri bereziekin izan. Loinazko San Martin plazan eta azpialdean banatu dituzte postuak, eta 12:30ak aldera arte izango dira bertan.
Bi eremutan banatu dute azoka; goiko zatian, fruta saltzaileak, lore saltzailea, eta bakailao eta fruitu lehorren saltzailea izango dira. Plazapean berriz, sei baserritar, fruitu lehorren bi postu eta hestebeteen beste bat. Arropa saltzailerik ez da izango herriko dendak itxita dauden bitartean.
Jende pilaketak ekiditeko, aldiko 15 lagun sar daitezke gehienez azokako eremuan. Jendea sartzeko ilaran zain eta arau eta tartean errespetatzen ikus zitekeen gaur goizean. Sarreran maskarak eta eskularruak jartzeko eskatzen diete udal langileek eta boluntarioek, eta gel desinfektatzailea ere banatzen ari dira.