Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina
Errenta aitorpena egiteko garaian euskararen aldeko apustua egiteko eskatu diete herritarrei Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek. Azken hamar urtean bizkoiztu egin da kopurua hiru herriotan.
Urteroko moduan, Beasain, Lazkao eta Ordiziako udalek errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute abian. Kanpaina hau 2009an sortu zen eta ordutik bikoiztu egin da errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua. Beasainen bizilagunen %19,15ak egiten du errenta aitorpena euskaraz, Ordizian bizilagunen %19,94ak eta Lazkaon bizilagunen %29,07ak.
Udalen arabera, “euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak” egitea. Hala, herritarrei “hizkuntza hautatzeko aukeraz” baliatu eta euskararen aldeko aukera egiteko eskatu diete.
Errenta aitorpena ere euskaraz
Aurrez aurreko hitzorduak oraingoz bertan behera geratu badira ere alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren ondorioz, 2019 urteari dagokion errenta aitorpena kanpainan internet bidez aurkez daitezke aitorpenak apirilaren 15etik uztailaren 29ra bitarte, eta apirilaren 6tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onar daitezke.
Hiru bide daude aitorpena egiteko:
· Autolikidazio proposamena
· Mekanizatua
· Internet bidezkoaAukeratutako bidea edozein dela ere, ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko, eta euskaraz egin nahi duzula esan besterik ez duzu egin behar. Nola?
Autolikidazio proposamena
Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dituzu, eta, onartzeko garaian, euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dizute, eta aurrerantzean ere hala egingo dute.
Mekanizatua
Ogasuneko bulegoan hitzordua eskatzerakoan, esan Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula. Horrez gain, aitorpena egitera joatean, eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.
Internet bidezkoa
Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu.