Joxantonio Ormazabalen heriotzaren 10. urteurrena izan zen larunbatean
Larunbatean 10 urte bete ziren Joxantonio Ormazabal Berasategi idazle, itzultzaile eta editore zegamarra hil zela. Ormazabal euskarazko haur literaturaren erreferenteetako bat izan zen.
Maisu-ikasketak egin zituen eta Zarauzko eta Beasaingo ikastoletan lan egin zuen. Garai haietan ez zuen libururik kaleratu, baina hamaika kanta eta ipuin asmatu zituen bere ikasleentzat.
1981ean, bere herrikide Joseba Jakak Elkar argitaletxean editore lanetan hastea proposatu zion. Geroztik, euskarazko haur literatura modernoaren zutabeetako bat izan zen, autore, itzultzaile eta editore gisa.
Idazten jardun zuen 30 urteetan literatur lan oparoa utzi zuen, 50 bat titulurekin: Kaskarintxo (1982) eta Margolin (1983) bezalako irakurgai arinekin hasi, eta sakontasun handiagoko liburuekin amaitzeraino. Hala nola, Ilunorduak eta argilaurdenak (2007) poema sorta edo Ehun ipuin hitz gutxitan (2010).
Itzultzaile lanetan, euskara malgu, gozo eta adierazkorrez euskaratu zituen haur literaturako hainbat lan. Horietako askok, zabalkunde handia izan zuten: Teo pertsonaiaren abenturek eta Gianni Rodariren ipuinek, besteak beste.
Nabarmentzekoa da ere esaerak eta pasadizoak biltzen eta gaurkotzen egindako lana. Gainera, Pernando Amezketarraren eta Lazkao Txikiren gertaerak jaso zituen eta euskal ipuin tradizionalen egokitzailea izan zen. Askok haren eskutik ezagutu dituzte Makilakixki eta Patxi Errementaria.
Kanta ezagunak
Horretaz guztiaz gain, kanta asko idatzi zituen. Horietako gehienak Imanol Urbietak musikatu zituen. Astoa ikusi nuen, adibidez. Umorea, jolasa, irudimena, bizipoza, bestearenganako errespetua eta ekologia aldarrikatu zituen bere istorioetan.
Elkar Argitaletxeak bere lanak sarean bildu ditu eta Iker Zubeldiak goierri.hitza.eus webgunean entzun daitekeen bertso hunkigarri bat eskaini dio.













