Lanak biderkatu eta erantzun
Koronabirusaren krisiak Ordiziako Babes Zibileko boluntarioak mugiarazi ditu. Ohiko larrialdiak artatzeaz gain, lanak biderkatu zaizkie azken asteetan. Azokan laguntzen eta maskarak banatzen aritu dira, besteak beste.
Ordiziako Babes Zibilean boluntario lanak egiten ditu Joxe Arizmendik (Ordizia, 1964). Ederki ezagutzen du taldearen martxa, boluntario aktiboenetako bat baita. Duela «17 urte hasi» zen, hasiera-hasieratik dihardu beraz, izan ere, 2003. urtean sortu zuten taldea. Hamabi bat lagunek osatzen dute egun. 50 urte inguru dituztenak eta gazteago batzuk-batzuk ere biltzen ditu. Taldea sortu zenetik, makina bat larrialdi dei artatu dituzte: denboraleak, liztor asiatikoen habiak kendu, kirol probetan lagundu… luze-luzea da zerrenda. Alarma egoeran ere, beharra dagoen tokian laguntzen ari dira, etenik gabe.
«Covid 19agatik alarma egoera ezarri zenean, Ordiziako Udalak larrialdi plana abiarazi eta horrek, Ordiziako Babes Zibila ere mugiarazi zuen» Arizmendik berak kontatu duenez. «Eusko Jaurlaritzaren bidez ere, boluntarioak aktibatzeko Madrildik zetorren agindua jakinarazi» zieten.
Lehenengo egunak, «Udaltzaingoari kontrol lanetan laguntzen» ibili ziren, hau da «konfinamendu agindua kalean betetzen zen gainbegiratzen eta herritarrak informatzen». Jendeak, «orohar, ondo bete» duela dio. Gainera, «supermerkatuetako ilaretan laguntzen ere» ibili ziren.
Ondoren, beste edozein behar sortu denean ere, hortxe izan dira: «Baliabide teknikorik ez duten familietako gaztetxoentzat, egokitutako ordenagailuak banatzen» ere aritu dira. «Ikastetxeetan jaso eta eskaera egina zuten eta etxeetara eraman genituen».
Hasiera-hasieratik azokan ere ikusi dira boluntarioak. «Udalarekin protokolo bat adostu zen, bete beharreko baldintzak zeintzuk ziren zehazteko. Gehienezko aforoa eta beste bete beharren ardura izan dugu».
Espainiako Gobernuak garraio publikoko erabiltzaileek derrigor maskarak erabili beharko dituztela esan du eta, atzo goizean, Ordiziako tren geltoki inguruan jardun dute Babes Zibilekoek: «Goizean goizetik hasita, trena edo autobusa hartu behar duten pertsonei banatuko dizkiegu maskarak».
Goizeko 06:00etatik maskarak banatzen ibili ondoren, ez da bukatu Arizmendiren lan eguna, ez baita horretatik bizi, beste lanbide bat du, hilabetero soldata ematen diona eta horrekin ere bete egin behar. Biak nola uztartzen fituen galdetu eta «beste garai batekoa» dela dio. «Auzolanean sinesten dut eta beharrezkoa dela uste dut».
Boluntario berriak
Egunotan kaleetan lanean ikusi zaie baina beste askotan, haien lana herritarren begiradetatik urrun egoten da. Alarma Egoerak, egiten duten lanaren zati bat erakusteko balio izan du eta badirudi hainbat herritarrek interesa erakutsi dutela taldean parte hartzeko. «Azken egunetan boluntario izan nahi duten hainbat pertsonen deiak jaso ditugu eta pozgarria da hori» eta argitu du, «Alarma Egoera desaktibatzen denean bilera bat egingo» dutela «informazioa emateko».
Beste lan batzuk
Ezohiko egoera honetan laguntzeaz gain, egutegiari jarraiki, liztor asiatikoaren erreginak orain ari dira habia primarioak egiten eta orain da garaia haiek suntsitzeko. Gipuzkoako Aldundiak, habiak desaktibatzeko kanpaina martxan du apirilaren 22tik eta hortan ere ari dira.
Arizmendik kontatu duenez, «dagoeneko bi habia kendu ditugu Ordizian». 2013tik ari dira zeregin horretan. Diputazioak udalei laguntza eskatu zieten eta Babes Zibilekoek dute harrezkero habiak kentzeko ardura.