Lehen urratsa irekialdirantz
Adinekoak paseatzera eta helduak kirolera irten litezke. Koronabirus itxialdia arintzen hasi da, zenbait denda eta zerbitzu zabalduta. Goierrin 300 kasuren mugan egonkortu da
Atzenduta zeuden ohiturak berreskuratzeko aukerarekin hasi du Goierrik koronabirusagatiko itxialdiaren 8. astea. Larunbatetik, eguneko ordu jakin batzuetan behintzat, paseatzeko aukerarekin dira 70 urtetik gorako bizilagunak. Behar-beharrezko erosketetara eta gestioetara soilik irten zitezkeen orain arte kalera. Goizean bi ordu (10:00-12:00) eta iluntzean bat (19:00-20:00) erreserbatu dizkiete agintariek ordukako mailakatze berrian.
Kirola egin zaleak ere baimen hori baliatzen ari dira, maiatzaren 2az geroztik. Paseatzera edo kirola egitera irten litezke, banaka edo etxeko batekin gehienez ere. Lehen unetik, etengabeko joan-etorria izan da asteburuko bi egunetan Goierriko bidegorri, herribide eta pasealekuetan. Ordutegiarenaz gain, muga bakarra dute: udalerriaren muga-lerroa egin gainditua (bakarrik edo etxeko batekin joatearen arauarekin batera).
Irekialdirako Espainiako Gobernuak lau fase ezarri ditu, eta atzo aktibatu zuten 0 deitua. Ordutegi bidezko irteerak baimentzea hor txertatu dute. Beste behin, haurrak galtzaile atera dira. Lehengo astean gozatu zuten denbora eta espazio muga berberak dauzkate larunbatetik, baina eguneko garaia mugatuta: 12:00etatik 19:00etara soilik atera daitezke.
Zazpi asteko atzera kontua
Agintaritzak ezarritako fasekako deskonfinamenduak lau fase ditu, baina zazpi asteko epea hartuko du, gutxienez. 0 fasea edo prestakuntzarena hasi zen atzo, igandera arte. Denda, negozio eta zerbitzu txikien nolabaiteko itzulera hasi da, hainbat arauk mugarrituta jardun beharko duten arren.
Aurretiko hitzorduarekin eta bezero bakoitzeko langile banarekin, aurrez aurreko zerbitzuak hasi dira. Etxe barruko obrak ere egin litezke, atzodanik; beti ere bizilagunekin gurutzatzea saihestuta, eta langileak nahiz materialak eremu komunetan ahalik gutxien ibilita.
Dendak eta zerbitzuak hitzordurik gabe zabaltzeko, ordea, beste astebete itxaron beharkodute, baita jatetxeek eta tabernek ere. Azken horiek, atzodanik eramateko janaria edo enkarguz jasotako eskariak soilik sal ditzakete. Terrazak bakarrik, eta %50ean, maiatzaren 11n hasiko dira bezeroak hartzen. Gradualki, ekainaren 8an baimenduko da tabernaren barrua irekitzea, eta orduan ere aforoaren %50. Sektoreak ez ditu begi onez ikusi neurriak.
Guztira, zazpi asteko programa ezarri dute gizartea lehengoratzeko. «Normaltasuna» ekainaren 22ko astean iritsiko litzateke. Fase bakoitzaren garapena eta lorpena helburuen arabera joko dute asetzat. Bien bitartean, probintziatik ezingo da irten, administrazio-eremu hori hartu baitute oinarrizko espaziotzat.
Kutsatu gehiagorik gabe
Goierrin koronabirusarekin 296 kutsatu dira, martxoaren erdi aldera gaitza azaldu zenetik. Osasun Sailaren arabera, azkeneko bi egunetan (larunbata eta igandea) ez da kasu berri gehiagorik atzeman eskualdean. Beasaingo Arangoiti egoitzan ere izurria uxatzea lortu dutela ospatu dute langileek, ja ez baitago kasurik.
Zumarragako Ospitalean igande iluntzean oraindik 13 lagun zeuden ingresatuta, Covid-19 birusarekin. Ostiralean, berriz, lau kasu positibo izan ziren Goierrin: bina Beasainen eta Zumarragan. Gehien Ordizian daude edo egon dira: 73. Aste honek ebatziko du Goierri deskonfinamendurako prestatuta dagoen.
Irteera mailakatua:
ORDUTEGIAK
· Herri haziak. 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, ordutegi zehaztu baten arabera irtenbehar dute herritarrek.
· Herri txikiak. 5.000 biztanlebaino gutxiago dituzten herrietan ez dago ordutegi mugarik.
· Noiztik. Ordutegien araua maiatzaren 2tik dago indarrean.6:00-10:00 /22:00-23:00
· 14-69 urte bitartekoak. Ibiltzera edo kirola egitera irtendaitezke pertsona larriak. Bakarka, edo etxe berean bizi direnak bi lagun gehienez. Bi ordutegi badaude ere, egunean behinirten liteke.
· Eremua. Udalerriaren barruan.10:00-12:00 /19:00-20:00
· 70 urtetik gorakoak. Bakarrik edo etxe berean biziden beste batekin irten litezke,gehienez bi lagun. Eguneanbehin. Menpekotasuna dutenenkasuan, etxeko batekin edozaintzailearekin.
· Eremua. Udalerriaren barruan.12:00-19:00
· Haurrak, 14 urte arte. Haurrak kalera irteteko ordu-tartea da egunaren erdikoa. Guraso batekin edo etxeko larri ba-tekin irten behar dute, gehienez hiru haur. Egunean behin, etaordubeteko denbora daukatemugatuta.
· Eremua. Etxetik kilometro bateko erradioaren barruan