Pausu txikiekin bidea egiten
Sintomarik ez duen edonor irten daiteke kalera eta jendearen joan etorria nabariagoa da. Denda txikiak ere zabalik egon daitezke atzotik, baina gehienek itxarotea erabaki dute.
Beste herrietan bezala, aspaldiko partez Urretxuko eta Zumarragako bidegorrian jendea paseatzen dabil. Atzokoan bero egiten zuen arren giroa atsegina zen, eta herritarrak ez daude etxean gelditzeko. Ez da harritzekoa 50 egun gordean igaro ondoren: «Itxialdia hasi zenetik behin ere ez naiz etxetik irten eta irrika handiarekin irteten naiz kalera», dio Joana Espinak. «Lehen egunero egunero irteten nintzen. Baina egun hauetan, ni babestuago egoteko, alabak egin dizkit erosketak eta ezin izan dut irten. Azkar esaten da bi hilabete etxetik atera gabe, baina luze egin zait. Gorputzak eta buruak eskertzen du kalera itzultzea», gaineratu du. Fernando Azkarate etxera doa bere tartea amaitu baino lehen. «Bidegorrian behera eta gora ibili naiz. Jendeak errespetatzen ditu norberari dagozkion orduak eta ez dut pilaketarik sumatu», dio. 06:00etatik 10:00etara hamalau eta 70 urte bitartekoen txanda izan da. Laneguna izaki, askok 20:00etatik aurrerako tartean irtetea erabaki dute, eta goizean ez da asteburuan bezain beste jende ibili. 10:00etatik 12:00etara adinekoen txanda izan da. Jende gehiago nabari zen kalean baina segurtasun tarteak ongi errespetatu dira orokorrean. 12:00etatik 19:00etara haurren txanda izan da. Azken hauentzat asteburua ez da horren berezia izan astebete badelako irteteko aukera dutela. Halere, jostailuz bete da kalea. Herritarrek zintzo errespetatu dituzte ordutegiak eta kaleen itxura oso desberdina zen tarte batetik bestera.
«Kirola egiteko ohitura nuen lehen ere eta gustura hartu dut berriz ekiteko aukera», azaldu du Maria Hurtadok. «Egunak horren luzeak ez izateko etxean ere egiten nuen kirola, baina ezin daiteke konparatu. Kalean ibiltzea beste kontu bat da». Herriko kaleetan zehar zirkuitu bat osatu du: «Herriari bira bat eman diot, alderik alde. Saiatzen naiz ahalik eta jende gutxien dagoen tokietara joaten, baina asko urrundu gabe».
Kirola egitean ezin dira herriko mugak gainditu. Hala, askok mendi aldera jo dute bakartuago egoteko. Paseatzeko ezin da etxebizitzatik kilometro bat baino gehiago urrundu: «Nahikoa dela uste dut. Ni auzoan ibili naiz eta ez dut gehiago sakabanatzeko beharrik somatu», azpimarratu du Espinak.
Denda gutxi zabalik
Atzotik saltoki txikiek ere irekitzeko aukera dute. Askok, ordea, itxarotea erabaki dute eta komertzio gehienak itxita zeuden. Iraganean ere zabalik zeuden kiosko eta jaki postuez gain ile apaindegiak eta arropa dendak zeuden zabalik, nagusiki: «Telefonoz hitzordua eskatu behar da», azpimarratu du Loli Aristizabal Aristizabal oinetako dendako arduradunak. «Helburua jende pilaketak ekidin eta garbitasuna bermatzea da. Bezero bakoitzaren ostean salmahaia, datafonoa, zapatak… garbitzen ditugu. Erabili eta botatzeko galtzerdi batekin probatu behar dira oinetakoak», zehaztu du.
Aitxu parperdendako Kizkitza Iurrebasok zehaztu du beraiek goizetan denda zabalik dutela eta arratsaldean telefono bidez egiten dute lan. «Jendeak badaki hitzordua eskatu behar dela. Ez gaude ohituta, baina azkar ikasi dugu». Datorren fasean, aurreikuspenen araberan maiatzaren 11n, amaituko da txanda eskatu beharra. Gune askok orduan zabalduko dute, baina segurtasun neurriak mantendu egingo dira.