Trafiko hotsa ere itzuli da
Ostatua itxita dago. Arduradunak azaldu du oraingoz ez dutela irekiko, herri txikia izanik merezi ez dielako. Jarduera murriztuta, nabariagoa izan da naturaren hotsa.
Kirola egitera atera daitezke goierritarrak kalera etxekoekin. Itsason, halere, ez dago arrastorik. Lasaitasuna eta natura gailentzen dira herrian. Ormaiztegitik gora, bidean, kamioi pare bat dabiltza egurra biltzen.
Herri txiki eta lasaia da Itsaso. 160 biztanle inguru besterik ez dira bizi bertan. Itsasoarrak Ormaiztegira jaitsi ohi dira erosketak egitera, gertuen geratzen delako. Halere, bizitza Zumarraga eta Beasain artean banatzen dute. Bi herri horien artean kokaturik dagoenez, alde batera ala bestera egiten dute Itsasoko herritarrek. Konfinamendu egoera honetan, udalean ateak itxita ari dira lanean. Gorka Sasieta Itsasoko udal batzorde buruak azaldu du telefonoz eta emailez dela arreta, kasu bereziren bat izan ezean. Astero egiten dituzten batzordeak, ordea, geldituta daude: «Udal batzordeko zinegotziak orain hasi gara elkartzen, baina asteroko batzordeak ez ditugu martxan jarri».
Egoerak aurrera egin ahala jarriko dituzte abian batzorde horiek: «Ea datorren astea nola doan, eta horren arabera erabaki beharko dugu; azkenean, udal aretoan distantziak mantentzeko jende asko ezin gara bildu».
Sasietak azaldutakoaren arabera, itsasoarrak ondo konpondu dira erosketak edo dena delakoak egiteko: «Gizarte langileak astero deitu die beharra izan dezaketenei». Ez dute beharrik, izan, ordea, ingurukoekin moldatu direlako: «Senitartekoekin konpondu da jendea». Ezkio eta Itsaso artean koronabirus kasu positibo bakarra atzeman dute.
Isiltasuna nagusi
Pott Keramikak ikastaroak eskaintzen ditu Itsasoko tailerrean. Denda txiki bat ere badute. Orain, ordea, geldirik dago ikastaroen arloa, eta azokak ere bertan behera gelditu direnez, aktibitate nagusiak geldituta dituzte: «Hitzordu bat jarrita etor daiteke erostera, lehen ere guk hala egiten genuen», azaldu du Pott Keramikako arduraduna den Maite Salutregik. Haren arabera, bada herrian nabarmena den ezaugarri bat alarma egoeran: naturaren hotsak.
Jarduera ekonomikoak eta mugimenduak murriztuta, natura nagusitu da orain arte Itsason: «Orain berriz martxan hasi denez, bailarako zarata entzuten da», esan du Salutregik.
Ostatua, oraingoz itxita
Itsasoko Ostatuko Aida Borrego arduradunak agertu du ez dela egoera erraza izaten ari: «Gauden tokian gaude, herri txikia da eta egunetik egunera egiten dugu lan». Konfinamenduarekin, ezinezkoa zaie taberna berriz martxan jartzea. Terraza handia izan arren, bezeroak behar dituzte irekitzeko: «Azken finean, ura, argindarra eta gasa ordaindu behar ditugu, eta zerekin ordaindu?». Izan ere, ohiko egoeran ere inguruko herrietatik joaten da jendea bazkaltzera, eta aste barruan ez dute ia lanik izaten: «Bertakoek egin dezaketen gastua oso txikia da, eta ez du merezi irekitzeak».
Itsasoko Ostatuak, beraz, itxita jarraituko du, eta ezartzen diren neurrien arabera hartuko dute irekitzeko erabakia: «Oraingoz, egoera honetan, guri ez digu merezi, eta gauzek aurrera egin ahala ikusiko dugu zer egin».