Harakintzak xamur eutsi dio
Alarma Egoerako lehen asteetako «eromena» gaindituta, harategiak itzuli dira martxa normalago batera. Telefono bidezko eskariak ugaritu zaizkie itxialdian.
Merkataritzaren sektorean, janaria hornitu eta banatu duten arloak lanean jardun ahal izan dira, koronabirusaren geldialdiaren gordinenean ere. Harategiak izan dira konfinatutako biztanleriaren hornitzaile nagusietatik garrantzitsuenetakoak. Gizarte osoak bezala, alarmaren olatuan gora eta behera ibili behar izan dute haiek ere.
Ezer baino lehen, «pribilegiatuak» direla aitortu du Mujika harategiko Juan Inazio Mujika Txixio-k, lan egin ahal izan dutelako. Hori bai, kutsatzeko beldurra ere haiekin izan dute: «Bistan aritu garenez, aurrenetik larrituta egon ginen. Baina pixkana ohitu egiten zara. Gu ondo aritu gara, baina nabarmendu nahi nuke jendea ere gurekin oso ondo portatu dela. Arauak ederki errespetatu dituzte, barruan bi lagun ikusten bazituzten, kanpoan itxaronez eta. Oso ondo».
Filmetako irudi tipiko batekin ilustratu du Mujikak hasierako egoera: «Marx anaien gela ematen zuen. Bazirudien ez zela salgairik egongo. Nola mugimendu asko dugun guk, gauza batzuk falta izan ziren, ezin hornitu… Gero moteldu egin zen. Jendeak ere beste modu batera hartu zuen egoera, lau egunerako erosketak eginda. Hobeto ibili gara gero, bai gu, bai bezeroak», gehitu du Mujikak.
Orain, «normaltxeago» ari dira lanean. «Lehengo astean lan asko egin zen. Ilarak sortu dira. Baina askok lehenengo orduan hots egiten zuten, eskaria azkeneko unean jasotzeko. Telefonoz inoiz baino eskari gehiago hartu ditugu».
Merkatariak laguntzen
Bestetik, merkatarien eta saltzaileen artean sortu den elkartasuna txalotu du Mujikak. «Geure artean oso ondo moldatu gara, elkarri lagunduz. Batek maskarak falta bazituen, besteak emanez; edo eskularruak ere berdin. Guri ez zaigu inor etorri ezer esplikatzera, ez Sanitatetik ez inondik. Geuk egin behar izan dugu dena».
«Zerbitzua» ematearen bokazioa goratu du Mujika harakinak. «Bai, kaxa egin dugu, baina gu jendeari zerbitzua emateko gaude hemen».
Zegamako Oiarbide harategiko Patxi Arangizek ere martxoaren azken hamabostaldia«eromena» izan zela gogoratzen du. «Batez ere oilaskoarekin, txahalarekin hainbeste arazorik ez zen izan. Bost kaxa oilasko eskatu, eta bakarra zerbitzatzen ziguten, eta ezin iritsi. Beste jeneroarekin ondo ibili gara. Hori lehenengo astean, gero normaldu zen».
Ohi baino mugimendu gehiago sumatu du Arangizek Zegaman. «Jendea etxean egon denez, herri txikietako merkataritzan nabaritu da bertan erosi duela. Carrefourrera joateak atzerakada eragiten du orain, agian. Bezeroek, beste alde batetik, berehala ikasi dituzte arau berriak, eta ondo errespetatu ditu», azaldu du Arangizek.
Salgaien artean, haragi xehetua gehiago saldu izana sumatu du. «Guk albondigak egiten ditugu, baina etxean egiteko ere jendeak asko eraman du». Denbora gehiago duen seinale, sukaldean beste jaki batzuk prestatzeko.
Lehiaketa eta guzti
«Osasuna daukagun bitartean, lanean ari gara. Eta ez da gutxi», laburtu du Zumarragako ATA harategiko Juanjo Aranburuk barruko oldozpena. Kalean egonda, egunean egunekoa erosten zuten bezeroetatik, astean behingo erosketetara igarotzea izan da ikusi duen aldaketa handiena. «Lehenengo bi-hiru asteetan, joera izan da astean behin etortzea eta erosketa handiagoak egitea. Orain lasaituta dago berriz ere», dio Aranburuk.
Lehenagotik ere ostalaritzarako-eta eskaintzen zuten arren, WhatsApp bidez eskariak jasotzeko zerbitzua ere asko animatu zaie ATAn. «Guretzat ez zen berria, lehen ere erabiltzen genuelako. Baina erosle askok bezperan bidaltzen digute orain eskaria, hurrengo egunean hitzartutako ordutegi batean bertan jasotzeko, edo geuk etxera eramateko. Zerbitzu egokiagoa ematea ahalbidetzen du horrek, ilarak saihesteko».
Sare sozialetan lehiaketa bat ere egin du ATA harategiak. Konfinamendua gaitzat jarri, eta marrazkiak, bertsoak, musika-konposizioak edo bideoak egiteko animatu ditu bezeroak. «Lehiaketa egin eta emaitza sareetan argitaratu genuen. Horrek ere dezenteko erantzuna izan du».
Artea ez baitago harategiekin kontraesanean. Okela zati bikain bat jan ondoren, askoz hobeto, jakina.