Maitena Salinas protagonista duen 'Lekitxoko etxea' laburmetraia Canneserako hautatu dute
Aktore beasaindarrak eta Itziar Ituñok elkarrekin haserre dauden bi ahizparen rolak jokatzen dituzte. Parisen sari garrantzitsu bat jaso berri du filmak, eta orain Canneseko jaialdirako hautatua izan da.

Itziar Ituño eta Maitena Salinas aktoreek jokatzen dituzte filmeko protagonista diren bi ahizpen rolak.
Maitena Salinas eta Itziar Ituño aktoreak protagonista dituen Lekitxoko etxea film laburra Canneseko zinema jaialdirako hautatu dute. Jasone Urgoitia getxoztarrak zuzendutako lana saritua izan da duela gutxi Parisen, Demetera Paris Short Film Festival jaialdian. Hori gutxi balitz, lantaldeak atzo jakin zuen laburmetraia Canneseko jaialdiko Diversity in Cannes Short Film Showcase atalerako hautatua izan dela.
Koronabirusa dela eta, Youtube bidez egin zuten Parisko jaialdiko lanen emanaldia eta sari banaketa, eta oraindik ikusteko dago Canneseko jaialdia ere nola egin ahal izango duten aurten, Thierry Frémaux arduradun nagusiak saio presentzialik ez dela izango iragarri baitu.
Filmak elkarrekin haserre eta urtebetez hitzik egin gabe dauden bi ahizparen istorioa kontatzen du. Aitona hiltzean, hark Lekeition zuen etxearekin zer egin erabakitzeko elkartuko dira. Haien ideia eta asmo ezberdinek eta iraganeko zauriek eragindako talkari aurre egin beharko diote.