Sokak loturik jarraitzen du, birtualki bada ere
Soka-dantza birtuala egitea proposatu du Aurtzaka herriko dantza taldeak. Jende pilaketak saihesteko helburuarekin, ez da inongo deialdirik egin.
Aurten ere Loinatz jaietako bereizgarri den soka-dantza egin da, ez-ohiko moduan, ordea. Soka-dantza birtuala egitea proposatu du Aurtzaka herriko dantza taldeak. Sinbolikoki egingo bada ere, 40 urtez mantendu den ohitura ez hausteko ahalegin berezi bat egin dute.
Agintarien soka-dantza gaurko egunez dantzatzen da udaletxe atarian. Dantzak Beasainen: Aurtzaka 25 urte liburuan aipatzen den moduan, etenaldi luzea izan zuen soka horrek. 1912an dantzatu zen, ustez lehen aldiz. Ondoren, 1997 berreskuratuz. Beraz, 23 urtez segidan dantzatu da agintarien soka-dantza eta aurten, protokoloa murriztuz bada ere, soka ez etetea lortu da. Gaur goizean, modu xumean eta isil-gordeka aurreskua eta atzeskua dantzatu dute udal-ordezkariek. Jende pilaketak saihesteko helburuarekin, ez da inongo deialdirik egin. Gainerako zinegotziek etxean eta bakarka dantzatu dute, bideoan grabatuz.
Astearte goizean, gaztetxoek soka-dantza egiten dute. XIX. mende bukaeratik dokumentatuta dagoen ohitura da hau, eta gerra garaian ere, soka-dantza burutu zela jasotzen duten agiriak daude. Astearte arratsaldean, berriz, helduak dantzatzen dute sokan. 1979an ekin zioten soka horri. Datozen egunotan, haurren soka-dantza eta helduena ere egingo dute, Goizeresi elkarteko txistulariekin bat. Hala ere, aurrez aipatu moduan, ez dago jakiterik zein egunetan egingo den.
Parte hartu nahi dutenek, dantza egin eta hura horizontalez grabatu dezakete eta Aurtzakako arduradunei bidali. Gainera, Goierri Telebistaren laguntzaz, kamara-dron baten bidez balkoitik ere jasoko dira dantzak. Laster argitaratuko da dantzari guztiak lotzen dituen bideoa.