Herriko ekonomia laguntzeko plana, alderdi guztien artean adostuta
Koronabirusak herriko merkatariei eta enpresei eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko plana onartu du Legazpiko Udalak, alderdi guztien artean adostuta.
Koronabirusak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko plana aurkeztu dute Legazpiko udal talde politikoen ordezkariek. Alderdi guztien artean adostutako plana da, eta «herriko ekonomia suspertzea» du helburu.
Koldobike Olabide alkateak azaldu duenez, plana hiru ardatzetan oinarritzen da: «familia legazpiarrak laguntzea, bizitza soziala berreskuratzea eta tokiko jarduera ekonomikoen likidezia handitzea, herrian kontsumoa bultzatuz gure udalerriko kaleak bizirik mantentzeko». Horretako, laguntza ekonomikoak emango ditu udalak, 403.000 euro guztira, familiei eta autonomoei, enpresa txikiei eta merktaritza alorrari zuzenduta.
Bederatzi ataletan banatu dira diru laguntzak: 130.000 euro gizarte laguntzetarako, 20.000 euro eskola materiala erosteko laguntzetarako, 25.000 euro merkataritza eta enpresa txikietan inbertsioak egiteko, 100.000 euro merkataritza suspertzeko 3K erosketa bonoentzako, 12.000 ostalaritza babesteko On Egin bonoentzako eta beste 47.5000 euro oraindik zehaztu gabe dauden laguntzetarako.
Gainera, itxita egon diren negozioei zabor tasak (40.000 euro), tabernei terrazak jartzeko tasak (15.000 euro) eta azokako saltzaileei bigarren hiruhileko tasak (7.500 euro) ez dizkiete kobratuko.
Plan ekonomiko horren aurkezpenean, elkarrekin egindako lana goraipatu dute udal ordezkari guztiek.