«Mendi bizikleta ibilaldi asko lehia huts bihurtu dira»
Kirol probek ere jasan dituzte koronabirusaren ondorioak. Legazpin igande honetan zen egitekoa Xabier Ortiz de Luzuriaga mendi bizikleta martxa. Aitor Uribetxebarriak azaldu duenez, irailean dagoen egoera ikusita erabakiko dute noiz egin.
Zer da Xabier Ortiz de Luzuriaga mendi bizikleta ibilaldia?
Ekaina hasieran urtero, duela 16 urtetik Legazpin egiten den mendi bizikleta martxa, herriko txirrindulari gazte hura gogoratzeko. Hasieran Hegialde auzoko jai batzordeak antolatzen zuen, baina azken urteean Xabierren kuadrillak egiten du.
Nor zen Xabier Ortiz de Luzuriaga?
Legazpiko gazte bat zen, bizikletaren munduan ibilbide motza baina emankorra eta polita izan zuena. Mendiko bizikleta probetan Euskal Herriko txapelduna izan zen, bere kategorian. Baina auto istripuz hil zen 18 urte zituenean; Brinkolako Barrendiola urtegi inguruan ikasten egon eta gero, handik Legazpi aldera zetorrela izan zuen istripua.
Lehen, bizikleta martxa dela esan duzu. Ez da kirol proba bat?
Hori da. Mendi bizikleta, trabesia eta martxa zikloturisten mundua lehia hutsa bi- hurtu dela iruditzen zaigu, eta guri gehiago gustatzen zaigu jai giroan antolatzea eta egitea.
Nolakoa izaten da martxaren eguna?
Guk ez dugu aurre inskripziorik egiten, egunean bertan eman behar dute izena parte hartzaileek, martxan hasi baino ordu bete lehenago hasita. Martxa 09:00ak aldera hasten da Laubideko kale nagusitik, eta ibilbidea urtero ia berdina izaten da, herriko medietan zehar. Atagoititik gora edo Aztiria aldetik hasi, eta Xabiren omenez Larrosainen jarrita dagoen monolitotik pasatzen gara beti. Gero Brinkolatik behera joan, eta Udanatik edo Mirandaolatik Korosti aldera egiten dugu. Handik, Urtatzara edo urtegira, eta auzoan bukatzen dugu ibilbidea.
Ibilaldiaren hasiera berezia izaten zen lehen.
Bai. Xabiren heriotzaren hamargarren urteurrena bete zen arte, martxa hasi aurretik haren omenezko lore eskaintza bat, aurreskua eta bertsoren bat edo beste izaten ziren. Orain, irteera eta helmuga markatzen duen arkuan Xabiren argazki handi bat jartzen dugu, eta horrela gogoratzen dugu.
Bukaeran, berriz, jai giroa da nagusi.
Bai. Martxa osoa joaten da jai giroan, eta bukaeran areagotu egiten da. Parte hartzaile guztientzako pintxoak eta edariak izaten dira. Eguerdi partean giro ederra egoten da Laubideko ‘bulebarrean’.
Antolaketa lanetan ibiltzen zara zu. Noiztik?
Lehen esan dut Hegialdeko jai batzordeak antolatzen zuela hasieran, eta nik lagundu egiten nien. Baina duela 10 urte edo ez zutela jarraitu nahi esan zuten, eta niregana jo zuten. Nik orduan Xabiren kuadrillakoei esan nien laguntzeko, eta aurrera egin genuen.
Zenbat lagun aritzen zarete ibilaldia prestatzen?
Talde eragilean bost-sei lagun elkartzen gara bilerak egiten ditugunean, baina bezperan bidea markatzeko lanetan 18 bat lagun ibiltzen gara, eta egunean bertan gehiago, izen-emateak, bi anoa postuak, bidegurutzeak eta bukaerako pintxo banaketa… 30 bat lagun izaten gara.
Eta martxan parte hartzen?
200 bat izaten dira. Gure partaidetzarik handiena eguraldi oso ona egin zuen urte batean izan zen, 260 txirrindularirekin. Orduan gure aurreikuspen guztiak pikutara joan ziren, eta eskerrak Goiherri jatetxeko Amaiari eta Silvaini, behar genituen pintxo extrak egin zizkigutelako. Auzoko Eroskiko Josuk ere asko lagundu zigun egun hartan, eta fruta eta pastak handik eskuratu genituen. Alde horretatik zortekoak gara, auzoko merkatariek eta ostalariek asko laguntzen digute. Lanbroa edo eguraldi txarra tokatu denetan, berriz, 180-bat partaide izan dira.
Baina aurtengo martxa hor gelditu da.
Bai, igande honetan zen egitekoa, maiatzaren 31n, eta momentuz hor gelditu da. Ez dugu erabaki bertan behera uztea oraindik. Horrelako probetan normalean kirolprobak eta antzeko plataformen bidezko izen-emateak egiten dira, bi hilabete lehenago hasita askotan, baina guk lehengo erara egiten dugu, lasterketa egunean bertan. Eta horregatik, badaukagu gaitasuna 15-20 eguneko aurrerapenarekin bakarrik antolatzeko, edizio ‘expres’ bat besterik ez bada. Egoera honen bilakaera nolakoa den, orduan ikusiko dugu zer egin.
Ez dago, beraz, baztertuta aurtengo edizioa gauzatzea.
Ez. Sare sozialetan ere hala iragarri genuen. Irailean ikusiko dugu egoera nola dagoen, posible den, uzten duten, zein irizpide erabiliko dituzten… orduan erabakiko dugu antolatzea edo ez. Eta bertan behera geratzen bada, ba bertan behera geratu beharko da, penagarria izan arren.
Zuk zeuk, nola hartu duzu eta nola bizi izan duzu konfinamendua?
Nik nahiko ondo, lanari ez diot utzi eta hori alde handia izan da, egunean zortzi ordurako etxetik lanerako irteten nuelako. Baina kokoteraino nago guztiarekin.
Bi ume ditut etxean, gainera, 12 urtekoa bat, eta ia 10 urtekoa bestea, baina txalotzekoa izan da izan duten jarrera, oso ondo eraman dute.
Geratzen zaidan kezka da honen atzetik zer dagoen, nola sortu den, zer den… Harrigarria da nola itxi gaituzten etxean, egun batetik bestera eta isilik gainera. Horrek kezkatzen nau.
Zu bizikleta zalea zara. Zer diozu ibili ezin izanaz?
Bai, bizikletan ibiltzea gustuko dut, baita monozikloa ere. Baina egia esan, konfinamendua hasi baino aurretik ez nuen ezer egiten. Ikasten hasi naiz, eta ez nuen denborarik; Zumarragara klaseetara joateko bakarrik hartzen nuen bizikleta. Konfinamenduaren garaian berriz hartu dut, eta garajean ibili naiz, arrabolaren gainean. Baina urritik etxean itxi gaituzten arte, batere kirolik egin gabe nenbilen.
Orain askeago gaude…
Bai. Poliki-poliki pausoak ematen ari gara eta badirudi egoera honi buelta ematen ari garela. Badago behintzat lehen baino gehiago irtetea, eta ondo dago hori.