Merkatariak ez daude bakarrik
Goierriko udal nagusiek merkatarientzako eta ostalarientzako laguntzak onartu dituzte. Erosketa bonuak, diru-laguntzak, zerga eta tasen etendurak... egongo dira
Gaizkien pasatzen ari direnen artean, merkatariak eta ostalariak daude. Zorionez, ez daude bakarrik. Udal askok dagoeneko laguntzak onartu dituzte eta oraindik onartu ez dituztenek aurki onartuko dituzte.
BEASAIN
Itxita egon direnentzat edo fakturazioan %80ko jaitsiera izan dutenentzat, laguntzak egongo dira. Sei hilabeteko udal zerga eta tasetatik salbuetsita egongo dira. Terrazen kasuan, azalera gehiago erabili ahal izango dute. Uraren tasari dagokionez, Ur Kontsorzioarekin lantzen ari dira, hori ere sei hilabetez ez kobratzeko. Berdin zaborraren tasarekin, Sasieta Mankomunitatearekin. Bestalde, udala egoera berrira egokitzeko beharrezkoak diren osasun, higiene eta babes neurriaren kostuaren %50 ordaintzeko prest dago; establezimendu bakoitzari gehienez 500 euroko diru-laguntza emango dio. Materiala Beasainen erosi behar da. Gainera, udalak 15.000 erosketa bonu aterako ditu: herritarrek 30 eurorekin 50 euroko gastua egin ahal izango dute, Beasaingo denda, taberna eta zerbitzu establezimenduetan. Horretaz gain, sentsibilizazio kanpainak antolatuko ditu, beasaindarrak erosketak herrian egitearen garrantziaz kontzientziatzeko.
IDIAZABAL
Udalak Oinezko Egunak ekimena jarri du abian. Asteburutan Ubitarte etxetik okindegira bitarteko zatia ixten du eta ostalariei terrazak jartzeko aukera ematen die. Helburua, kalea suspertzea, aisialdirako gune segurua eskaintzea eta ostalariei bultzada ematea da.
LAZKAO
Udalak bihar igorriko ditu Covid-19aren aurrean merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzeko hartuko dituen neurriak. Gaurko osoko bilkuran onartzekoak dira.
LEGAZPI
Udalak bihar aurkeztuko ditu laguntzak. Alde batetik 3K (konfiantza, konpromisoa, kontsumoa) erosketa bonuak egongo dira. 40 euroren truke, 50 euroko erosketa egiteko aukera egongo da. Udalak 100.000 euro bideratuko ditu horretara. Bestalde, udala egoera berrira egokitzeko beharrezkoak diren osasun, higiene eta babes neurriak erosteko laguntzak emango ditu. 25.000 euro bideratuko ditu horretara. On Egin bonuak ere aterako ditu, herriko jatetxe eta tabernetan gastatzeko. 12.000 euro erabiliko ditu horretarako. Bukatzeko, terrazen tasa ez du kobratuko.
ORDIZIA
Ordiziako Udalak 371.000 euroko balioa duten bonuak bideratuko ditu hirugarren sektorea suspertzeko. Etxebizitza bakoitzera 20 euroko balioa duen bonu bat bidaliko du (irailaren 30a bitartean gastatzeko). Bonu hauek lau zatitan banatuta daude eta 15 euroko balioa duen erosketara iritsiz gero, 5 euroko deskontua lortuko da. Bestalde, establezimendu bakoitzari 1.000 euroko balioa duten 5 euroko 200 bonu emango dizkio. Merkatari eta ostalariek beraien bezeroei deskontuak egiteko erabiliko dituzte.
URRETXU
Urretxuko Udalak gaur arratsaldeko osoko bilkuran onartuko ditu laguntzak. Bonu batzuk ateratzeko asmoa du eta ostalariek ez dute terrazen tasa ordainduko.
ZUMARRAGA
Udalak 400.000 euro banatuko ditu merkatari, ostalari eta lehen sektorekoen artean. Hiru talde egongo dira: negozioak itxita eduki dituztenak edo fakturazioan %75etik gorako jaitsiera izan dutenak, negozioa irekita eduki arren fakturazioan aurreko sei hilekoarekiko %50 eta %75 bitarteko jaitsiera izan dutenak eta azokan postua dutenak. Lehenengo taldekoek hileko 1.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute, gehienez bi hilabetez. Bigarrenek eta hirugarrenek hileko 500 euroko laguntza jaso ahal izango dute, gehienez bi hilabetez. Ostalariei laguntzeko, diru-laguntzak emateaz gain, udalak terrazen ordenantza eta ordenantza fiskalak aldatu ditu. Aurten ostalariek ez dute terrazei dagokien tasa ordainduko. Gainera, terraza zutenei mahai gehiago jartzen utziko diete eta ez zutenei mahaiak jartzen utziko diete.