Merkataritza eta zerbitzuak laguntzeko kanpaina jarri du martxan Legazpiko Udalak
3K bonuak kaleratu ditu, herriko establezimenduetan kontsumoa bultzatzeko asmoz. 100.000 euro bideratu ditu laguntza horietarako. Kanpaina ekainaren 1etik uztailaren 31ra arte egongo da indarrean.
Gaurtik, ekainak 1, uztailaren 31ra arte Legazpin kontsumitzeak abantailak ditu erosleentzat, koronabirusak herriko merkataritzan eta zerbitzuen alorrean eragindako kalte ekonomikoa arintzeko Legazpiko Udalak martxan jarritako 3K Bonuak kanpainari esker. Kanpaina horretan parte hartzen duten establezimenduetan egindako 50 euroko erosketa bakoitzagatik, udalak 10 euro jarriko ditu; erosketa bakoitzeko, gehienez 10 bonu erabili ahal izango dira. Udalak, aurtengo aurrekontuko 100.000 euro bideratu ditu guztira kanpaina honetara.
Udaletxeko pleno aretoan aurkeztu dute kanpaina, Koldobike Olabide alkateak eta udal talde politiko guztietako ordezkariek, Ilinti merkatari elkarteko Alberto Vesgak eta zerbitzuen alorreko Aitor Agirrezabalek lagunduta.
“Legazpiko establezimenduetan kontzienteki erostea bultzatzea” da kanpaina honen helburua, eta hiru zutoinetan oinarritzen da: konfiantzan, konpromisoan eta kontsumoan, 3K izena osatuz. Lehen zutoina konfiantzarena da; “Legazpiko merkatari, autonomo eta mikro-enpresen arteko hurbileko harremana inoiz baino inportanteagoa da, eta sustatu egin behar dugu guztion arteko konfiantza handitzeko”. Bestetik, herriko jarduerak bultzatzeko “norbanako eta herri mailan legazpiar guztiekin dugun konpromisoa” erakustea eskatu dute, eta, azkenik, kontsumoari dagokionez, “Legazpin bertan erosteak epe ertain eta luzean onurak” ekarriko dituela nabarmendu dute.
3k Bonuak kanpainan 44 establezimendu ari dira parte hartzen, eta alor guztietakoak dira: arropa eta zapata dendak, dentistak, abokatuak, auto mekanika tailerrak, arotzak, iturginak… Partaideek kartela dute jarrita euren establezimenduetan.