«Udazkenean berriz ere komeria badago ez dakit zer pasatuko den»
Salmentarako biderik gehienak itxita eta hozkailuak beteta, horrela harrapatu du krisiak Josu Aldasoro artzaina. Troskaeta taberna du salbide bakarretakoa. Egoerak arrankatuko duela uste du, "baina ikusi egin beharko da nola segitzen duen, hori izango dira kontua".
Ze giro dago goi alde horretan?
Giro tonto samarra, laino dena (astelehen arratsaldea). Gainontzean, mendia zoragarria dago aurten, nik ezagutu ez dudan bezala. Denetik gainera. Hostoa oso ondo jantzi zen, eta mendia ere garaiz etorri zen. Negua arin joan da, eta horrek asko lagundu dio.
Kontaidazu aurtengo gazta ekoizpena nola joan den eta martxotik bizi dugun osasun krisi honek nola eragin dizun?
Gu itxialdira bitarte poliki ari ginen lanean, eta martxoaren 15a iritsi zenean dena gelditu zen. Egin, martxa berean aritu gara gu, gazta egiten berdin-berdin aritu gara, kontua da dena gelditu zela, eta bete-betean harrapatu gintuela. Oraintxe hasi da zerbait mugitzen, eta ikusiko dugu ea buelta ematen diogun. Baina bolada batean behintzat oso ikaratuta egon gara, jezteari utzi behar ote genion. Mendira ere lehenxeago etorri gara, normalean baino 15 egun lehenago Maiatzaren 15ean edo 16an igo ginen, baina normalean maiatzaren azken aldera igotzen gara.
Hozkailuek leku mugatua dutela…
Noski, ateratzen ez bada ezin.
Salmenta nola bideratu ohi duzue?
Anaiaren tabernan, Troskaetan, %80a bertatik saltzen dugu. Ordizian Arantxanean, harategiren batean edo bestean, eta Ataungo Urbitarte sagardotegian ere bai. Baina horiek denak itxita egon dira.
Eta bestelako biderik aurkitzen saiatu al zarete? Egon dira ekimenak herrietan bertako produktuak kontsumitzeko deialdiak eginez. Zein da zuen kasua?
Ez dugu halakorik egin. Eta gure artegia ere ez dago herritik oso aparte, eta gure etxera jende handirik ez da joan, konta ahala batzuk, beti-betikoak. Banaketan ere ez gara ibili, sekula ez gara horretan ibili, hori azkenean beste lagun baten lana da, eta norberak egin behar badu hori beste lan batzuk utzi behar dira.
Kanpaina zer moduz libratuko duzuela uste duzu?
Ez dakit nola arrankatuko duen orain honek, nik nauka beldurra badaukat berriz ere… Guk gazta eginda daukagu datorren otsailera bitarte. Arrankatuko du, baina ikusi egin beharko da nola segitzen duen, hori izango dira kontua. Nik, egia esan, pertsonalki, beldur handia daukat. Udazkenean berriz komeria baldin badago honekin, ez dakit zer pasatuko den.
Hozkailuak zer dauzkazue, beteta?
Bai. Orain Mendiko Gazta egiten ari gara. Momentuan ari gara, ez dakit zenbat denboran segituko dugun baino. Ekainaren bukaerara arte izaten da. Gero antzutu, eta betiko lanak: belarrak, ximaurrak… eta betiko zerak.
· Helbidea: Troskaeta taberna (Ataun)
· Telefonoa: 943 18 00 37 / 608 973 515