Astebururako plan hirukoitza Zegamako Anduetzan
Ekainaren 5ean gautxoriak askatuko dituzte; ekainaren 6an orientazio jolasa antolatu dute eta ekainaren 7an San Adriango igarobideko sekretuak ikasteko aukera izango da. Izena eman behar da.
Zegamako Anduetza parketxeak berriz ireki ditu ateak, eta Ingurumenaren Mundu mailako ospakizunarekin bat eginez, hiru proposamen luzatu ditu asteburuan, Aizkorri-Aratzeko natura parkean egiteko.
Gautxoriak berriro aske hegan. Ekainaren 5ean, 21:30ean, Anduetza parketxean, Igeldoko Arrano Etxean sendatutako urubiak askatuko dira Zegama inguruan aske hegan egin dezaten. Aldundiko teknikoek urubiak ezagutzeko azalpenak emango dituzte eta gertu-gertutik ikusiko ditugu. Pertsonako 3 euro ordaindu behar dira.
Iparra galdu gabe orientazio jolasa egingo dute, familian, ekainaren 6an, Anduetza parketxearen inguruan dagoen orientazio zirkuituaren ibilbide horian barneratuta. Orientazioren hastapenak jasoko dituzte parte hartzaileek. 10:30etik 13:00etara izango da, Anduetzatik abiatuta, 10 minutuko txandatan. Helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 3 euro.
San Adriango igarobidearen sekretuak ibilaldi gidatua igandean izango da, ekainaren 7an. Unescok Gizateriaren ondare modura katalogatua duen igarobidean barneratuko dira bertako historia ezagutzeko. Aldaolako aparkalekuan jarri dute hitzordua 10:30ean. Kasu honetan ere, helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 3.
Izen ematea
Jarduera guzietan izena ematea beharrezkoa da. Informazioa eta erreserbak, Anduetza parketxean: 943802187–688623609. anduetza@gipuzkoanatura.eus.
Segurtasun neurriak
Covid-19 gaitzarengatik, talde txikietan egingo dituzte jardunaldiak. Musukoa edo maskara eramatea derrigorrezkoa izango da.